LEO ALVES

“Zuzendariek haiek ikusi nahiko luketen telesaila grabatu zuten, eta jende askori gustatu zaio”

Julen Solaun Martinez 2020ko eka. 21a, 06:30

"Vorágine" webseriean parte hartu du Alvesek. / Leo Alves

LEO ALVESek (Brasil, 1996) urte ugari daramatza Laudion bizitzen. Vorágine zientzia fikziozko webserie bizkaitarrean parte hartu du, argazki zuzendari gisa. 

Zer da Vorágine?

Zientzia fikziozko webserie bat da, non bi mundu paraleloren arteko talka kontatzen den. Hortaz, bi dimentsioen artean komunikatu ahal dira; seriea hasten denerako bost urte igaro dira jada bi munduen arteko komunikazioa hasi zenetik. Hiru emakume protagonistak, orduan, bi munduen arteko zerbait egiten hasten dira.

Nola sortu zen webseriean parte hartzeko aukera?

Zuzendarietako batekin kamera ikastaro bat egin nuen, eta esan zigun proiektu batean ari zela. Baina xehetasun batzuk besterik ez zizkigun eman, ez genekien oso ondo zertaz hitz egiten ari zen.

Ikastarorako film laburra egin behar izan genuen elkarrekin, eta nik uste orduan konturatu zela gurekin lan egin ahalko zuela. Ondoren, ekoizle bat, beste argazki zuzendari bat eta ni deitu gintuen.

Nolakoa izan da zientzia fikziozko saioa grabatzea?

Izan dugun aurrekontua oso murritza izan da. Beraz, ezin genuen serie oso futurista egin, mundu hori sortzeko behar adina dirurik ez genuelako.
Gainera, pertsonaiei emandako tratamenduak ere badu zerikusia. Guk pertsonaia errealak egin nahi genituen, gutxiengo sozialen parte zirenak. Beraz, gure helburua ez zen izan zientzia fikziozko zatian soilik zentratzea. Pertsonaia bakoitzaren bizitzak mundu horretan zer eragiten duen aztertu nahi genuen.

Istorioaren sorreran parte hartu duzu, beraz?

Izaskun Camarero, Laura Reguera (ikastaroko eta Vorágine ekoizpeneko bi kide) eta ni lehenengoetarikoak izan ginen istorio honen ideia jakiten. Hortaz Vicky Rojas eta Dalila Cabrera zuzendariak gidoia idazten ari ziren bitartean guk bagenekizkien hainbat gauza.

Idazten ari ziren bitartean, hainbat gauza galdetu zizkiguten, baina haiek idatzi zuten osorik. Dena den, ekoizpena baino askoz ere lehenago hasi ginen proiektuan lanean, denbora luze igaro genuen aurre-ekoizpen fasean.

 

“Izan dugun aurrekontua oso murritza izan da, beraz, ezin genuen serie oso futurista egin, mundu hori sortzeko behar adina dirurik ez genuelako”

 

Bilbon dago girotua. Non grabatu zenuten?

Ez genuen Bilbon bakarrik grabatu, Eibarren ere aritu ginen. Etxeetako zatiak grabatu genituen herri horretan. Bilbon, Deustuko liburutegiaren alboan grabatu genuen, besteak beste.
Aste Nagusiko egun batean ere grabatu genuen. Lehenengo kapituluaren momentu batean, protagonistetako bat kaletik ari da ibiltzen eta su artifizialak ikusten ditu. Hori jaietako egun bat izan zen.

Zenbat denbora egon zineten grabatzen?

Lehenengo kapitulua grabatzeko bi aste inguru eman genituen, berrogei minutu zirelako eta gauza asko grabatu behar genituelako. Kapitulu hori pertsonaien sarrerarako erabili dugu, batez ere. Dena den, denboraldi honetako beste atalak hogei minutukoak izango dira.

Zenbat atal dira guztira?

Lehenengo denboraldiak hamabi izango ditu. Beraz, denboraldi bat baino gehiago egiteko asmoa duzuela ulertzen dut.

Hori da asmoa, bai. Azken finean, babesleen bila ari gara. Dirurik ez badugu, askoz ere zailagoa da. Jende asko mugitu behar da tokiz grabaketa egiteko. Patreon eta Ko-fi plataformak ere erabiltzen ditugu publikoaren dohaintzak jaso ahal izateko. Dena den, enpresen eta ekoizleen kolaborazioa bilatzen ari gara.

Zer harrera izan du lehenengo kapituluak?

Nire ustez, harrera ona izan du. Jendeari asko gustatu zaio. Zuzendariek haiek ikusi nahiko luketen telesaila grabatu zuten.

Deskripzioan adierazten da webserie LGTBI bat dela. Nola erabaki zuten zuzendariek ikuspuntu hori ematea?

Egia esan, gutxiengo sozialetako pertsonek osaturiko seriea da, baina ez zen aldez aurretik planeatutako zerbait izan, prozesu naturala izan zen. Jendea parte hartzeko izena ematen joan zen eta era naturalean gertatu zen. Zuzendariek haiekin gehien konektatzen zuten pertsonak aukeratu zituzten, aldez aurretiko esperientzia ez zuten gehiegi baloratu. Vorágine ekoitzi duten pertsonen % 80 emakumeak izan dira. Hiru protagonistak emakumeak dira, adibidez.

Vorágine-ren hurrengo denboraldiez gain, ba al duzu beste proiekturik etorkizunari begira?

Ez, beharko nuke, baina oraindik ez dut ezer.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide