Aurten Melillan egon zara jokatzen eta denboraldiko minutu guztiak jokatu dituzu. Nolakoa izan da Athleticetik kanpo urtebetez egoteko esperientzia?
Partida guztiak jokatu ahal izateko aukera izan dut aurten, eta esperientzia ona izan dela uste dut. Azkenean, etxetik irtetea zaila da hasieran, baina ondo etorri zaidala esango nuke. Partidak jokatzea, eta etxetik kanpo, pertsona eta jokalari bezala hazteko bide onena dira.
Denboraldi arraroa izan da, COVID-19a dela eta, ezin izan duzuelako liga amaitu. Nola bizi izan zenuen denboraldia bat-batean gelditu behar izana?
Jokalarietan inori ez zaigu gustatzen denboraldia amaitu gabe bertan behera geratzea, baina gertatutakoa oso larria izan da.
Nik ondo eraman izan dudala uste dut. Aita han egon da nirekin konfinamenduak iraun dituen bi hilabeteetan zehar, batera egon gara eta beste era batean eraman ahal izan dugu. Ama eta anaia Laudion geratu ziren, baina ondo moldatu gara.
Zer entrenamendu mota egin duzu sasoia mantentzeko?
Prestatzaile fisikoak bidaltzen zigun entrenamendu plana genuen Melillan; eta, hori jarraituta, ahal genuena egiten genuen etxean. Horretaz aparte, YouTuben agertzen diren hainbat bideotako ariketak egin ditut sasoia ahalik eta hoberen eusteko, erresistentzia fisikoa mantentzeko.
Azken finean, guk ez genekien denboraldia noiz hasiko zen berriro, ezta berriz hasiko zen ere, baina prestatuta egon behar gara berriz jokatzen hasi behar izatekotan.
Etxean ahal izan dena egin dut eta Lezamara bueltatzean nabaritu egin da. Ez da konfinamenduaren aurretiko sasoi bera, baina laguntzen du.
“Pena handia eman zidan Adurizen agurrak; Athleticen historian dagoen pertsona da, mitoa”
Nahiz eta berrogeialdia Melillan pasa, hona bueltatu zara dagoeneko eta Athleticen jarraituko duzu denboraldia. Nolakoa izan da Athleticen lehen taldera bueltatzea?
Arraroa izan da, bai. Bakarka hasi behar izan ginen entrenatzen. Ondoren, talde txikietan elkartu gara; eta, astelehenaz geroztik, talde osoa egon izan ahalko gara batera.
Egia da hasieran arraroa izan zela, arraro sentitzen zara etxean bi hilabetez egon zarelako. Oporrak ditugunean baino denbora gehiago da, hilabete bat opor dugulako.
Lehen esan dizudana, etxean egindakoak lagundu du. Dena den, ez da erabat berdina, atezainok lurrera botatzen garelako; ez da zelai jokalari baten bera, haiek gehiago korrika egin behar baitute. Gure entrenamendua oso intentsitate handikoa da, baina denbora tarte laburragokoa. Jokalari bat uneoro egon behar da lasterka, eta haien erresistentzia mota guk dugunaren desberdina da.
Denboraldi amaierara arte jarraituko duzu Athleticen, edo zer asmo duzue uztailaren 1a eta gero?
Ez dakit. Melillan konfinatuta nengoela Rafa Alkortak deitu zidan eta ea lehen taldearekin entrenatu nahi nuen galdetzeko, Gaizka Garitanorekin hitz egingo zuela.
Nik Athleticekin entrenatu nahi nuen; eta, noski, baietz esan nuen. Gure liga amaituta zegoen jada eta ez nuen gelditu nahi.
Futbolera jokatzea eta entrenatzea gustatzen zait, eta are gehiago lehenengo taldearekin entrenatzera deitzen banaute. Alabaina, aurredenboraldiari begira ez dakit ezer oraindik. Orain liga ahalik eta hoberen amaitzea nahi dugu; eta, biukatzean, datorren denboraldirako zer egin beharko dudan erabakiko dute.
Aurtengo ligaren amaieraren eta datorren urtekoaren hasieraren arteko tartea ohikoa baino murritzagoa izango da. Suposatzen dut horrek zuen planifikazioan eragina izan dezakeela.
Prestaketa fisikoaz ez dakit asko, baina prestatzeko denbora edo opor gutxiago izango ditugula uste dut, nonbaitetik kendu beharko dute zerbait. Atzo Tebasek (La Ligako presidentea) esan zuen irailaren erdirako hasi nahi zuela berriro. Talde batzuek Txapeldunen Liga jokatu behar dute abuztuan, beraz ez dakigu nola egingo duten jendeak oporrak izateko, eta era egokian prestatu ahal izateko. Nik uste oporrak moztu beharko ditugula. Hala ere, urte arraroa izango dela uste dut.
“Arraroa izan zen entrenatzera bueltatzea, arraro sentitzen zara etxean bi hilabetez egon zarelako”
Orain, taldean entrenatzen berriro hasita, zer motatako segurtasun neurriak hartu behar dituzue?
Segurtasun neurri guztiak mantentzen ditugu oraindik. Hasieran arraroa egiten zaizu, hala ere. Lezamara zoaz, autoa aparkatzen duzu eta komunera joan behar zara, han eskularruak eta maskarak baitaude.
Lehenengo, eskuak garbitu behar ditugu eskularruak eta maskara jarri ahal izateko. Noski, entrenatzeko jantzita heltzen gara jada Lezamara. Han botak bakarrik hartu behar ditugu. Gero, tenperatura neurtzen digute eta sintomen inguruan galdetzen digute.
Hasieran, atezainok atezainen entrenatzailearekin bakarrik aritzen ginen, baina ezin zen lau metro baino gutxiagora gerturatu.
Jokalariak, berriz, zelaira zihoazen eta haien artean distantzia handira zeuden banaturik. Entrenatzailea ere bakarrik zegoen zelaian haiekin. Amaitzean, maskara jarri behar izaten genuen berriro, eta ateratzean hurrengo egunerako arropa eta poltsa organiko bat ematen ziguten, Lezaman dena garbitu eta desinfektatzeko.
Aurten denboraldi berezia izan da Athleticen, Kopako finalera sailkatu baita, nahiz eta oraindik ez jakin noiz jokatuko den.
Asko poztuko nintzateke jokatu ahalko balitz, publikoarekin, noski. Urte asko igaro dira Kopan derbi euskaldun bat jokatu ez dela. Zaleen aurrean jokatzen bada askoz hobea izango dela uste dut.
Zure bueltak Adurizen erretiroarekin kointziditu du. Nola bizi izan duzu?
Adurizena pena handia iruditu zait, egia esan. Zelaian egon nintzen San Mamesen eman zuen azkeneko prentsaurrekoan. Niri pena handia eman zidan.
Athleticen historian dagoen pertsona bat da, mito bat. Hala ere, asko eskertzen dut Aduriz egongo zen azken unean egon ahal izatea.