PEDRO MENDIA

"Donald Trump arrazista zurien ahotsa bilakatu da, eta ez dakit zer gertatuko den"

Aitor Aspuru Saez 2020ko eka. 3a, 09:45

George Floyden heriotza salatzeko mobilizazio ugari egiten ari dira egunotan. / Victoria Pickering

PEDRO MENDIA laudioarra Estatu Batuetan bizi da, eta azken egunetan arrazismoaren aurkako mobilizazioen lekuko izan da. Donald Trump presidentearen jarrera probokatzaileak egoera okertu du, bere ustez.

Pedro Mendia -askorentzat Kepa- Estatu Batuetan bizi da, jatorri laudioarra izan arren. Zehazki, New Haven ditu etxea zein lana. Mendiaren hitzetan, bere hiria oso liberala da, eta Alderdi Demokratak gobernatzen du. Herrialde askotako lagunak elkarbizi dira han, eta horrek ere isla du polizian: "Nire sentsazioa da polizia gehienak ez direla azal zurikoak, beltzak edo hispano ugari ere badaude".

Hala ere, Mendiak nabarmendu du ez direla arrotzak arrazismoaren eta gazte txiroen kontrako gertakariak hirian: "Poliziak gazteak hil ditu, ez dut gogoratzen noiz izan zen azken aldia, baina hori gertatu da".

Mendiaren aburuz, arrazismoa Estatu Batuen bizitzaren muinean dago, eta Barack Obamaren legealdiek ez dute horrekin bukatu: "Askok esaten zuten presidente beltz batekin arrazismoaren arazoa amaituta zegoela. Baina ez da horrela. Jendea hil eta erailtzen dute bere azalaren koloreagatik. Esaterako, Covid-19ak eragindako heriotzak bikoizten dira komunitate beltzean".

Mendiaren iritziz, aldaketen beharra bistakoa da, baina Donald Trumpen presidentearen jarrera kontrakoa dela pentsatzen du: "Black Lives Matter mugimenduak eskatzen duena zentzuzkoa da; eta Donald Trumpek aldaketak egongo direla esan ordez, arrazismo zuriaren bozeramaile bilakatu da egin dituen adierazpenekin. Ni harrituta nago. Horrek ez du lagunduko giroa baretzen. Adibidez, astelehenean manifestaldi baketsuaren aurka bidali zuen polizia Trumpek bera eliza batera joateko eta han adierazpenak egiteko".

New Havenen ere giro nahasia
Pedro Mendia George Floyden erailketak sortu dituen protesten lekuko izan da, bai hedabideen bitartez, zein zuzenean, bere lantokia komisaldegiaren alboan baitago.  Aiaraldearrak hango hezkuntza sisteman ardura garrantzitsuak ditu, bereziki, etorkinen seme-alabekin.

Edonola ere, heriotzak irudi bitxiak utzi ditu: "New Havengo poliziaburuak agerpen publikoa egin zuen, Floyden hilketa gaitzesteko. Horrez gain, gainerako agenteek hitz eman zuten ez zutela inoiz halakorik egingo. Eta, hala izatekotan, polizia erakundetik botako dutela".

Hori bai, adierazpenek ez dute jendearen haserrea baretu. Larunbatean alkatearen etxean egon zen protesta gauez. Igandean 1.000 lagunek osatutako manifestazioak hiriko autopista moztu zituen. Mendiak argitu du manifestariak anitzak zirela, "beltzak, zuriak edo hispanoak zeuden".

Horren ostean, igande gauez, talde txiki batek komisaldegira jo zuen. Alkatea zegoen barruan eta eurekin hitz egitera atera zen. Hala eta guztiz ere, tentsioa nabaria izan zen eta istiluak jazo ziren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide