Laudioko Udaleko LAB sindikatuaren atalak oharra zabaldu du gaur jakinarazteko ez duela sinatu tokiko erakundeko lan hitzarmena. Gainera, ELAri exijitu dio langile batzarra deitzea bere erabakia azaltzeko, antolakundeak bat egin baitu dokumentuarekin.
LABek argitu du ez duela bere sinadura jarri dokumentuan hiru arrazoiren ondorioz:
- Aparteko orduak ordaintzeari bidea zabaldu zaio, eta horrek kontratazio berriakegiteko aukera murriztuko du.
- Kontratazio berrietan soldata-eskala bikoitza ezarriko da.
- 2020-2023 epealdian soldata Espainiar Gobernuak agintzen duenaren menpean geratuko da, negoziatzeko ahalmena alde batera utzita.
Langile erakundeak adierazi du duela hiru aste hasi zirela negoziazioak sindikatuen eta udal gobernuaren artean eta hirugarren bileran iragarri zuela ELAk babesa emango ziola proposamenari.
LABek nabarmendu du langile batzarra deitu eta bere oniritzia jaso gabe egin dela dena.
ELA sindikatuak aipatu dio Aiaraldea Hedabideari langileei bidaliko diela oharra bere jarrera azaltzeko.