Lehenengo aldia da Seix Barral argitaletxearekin lan egiten duzula. Aurreko eleberria Lengua de Traporekin plazaratu zenuen. Eboluzio baten barruan dago hori?
Niretzat bai. Aurreko argitaletxeak, bai Lengua de Trapo zein Tres Hermanas, ertainak ziren. Oso onak dira eta oso pozik ibili naiz eurekin, baina nik beti izan dut anbizioa, ondo ulertuta. Lan bakoitzarekin aurrerapausoa eman nahi dut, txikia edo handia izan, eta hau bada.
Niretzat Seix Barral argitaletxe mitikoa da eta Mendoza, Elvira Lindo, Muñoz Molina edo Siri Hustvedt bezalako egileak ditu. Katalogoa itzela da eta nire izena hor ikustea ametsa da. Oraindik ez dut ondo barneratu.
Nik bukatuta bidali nien eleberria eta egokia iruditu zitzaien. Oso arrunta da agentea izatea, baina nik ez daukat.
“Seix Barralen katalogoa itzela da eta nire izena hor ikustea ametsa da”
Eleberriaren izenburua da Los últimos románticos, baina edukiak ez du, berez, zerikusi handirik, printzipioz, izenarekin.
Bai, badu. Alde batetik, erromantizismoa malenkoniara lotzen da. Hori bai, argitu behar dut erromantikoei buruz hitz egiten dudanean XIX. mendeko artistei erreferentzia egiten diedala. Atzera begiratzen zuten maiz, Erdi Arora askotan, eta hori badute pertsonaiek. Nire ideia da haurtzarora edo zoriontsu izan zaren garai batera begiratzea tranpa izan daitekeela.
Erromantizismoari, nolabait, hegalak moztu behar dizkiogu. Erromantizismoak, ondo ulertuta, gauza onak utzi zituen. Neoklasizismoa oso aspergarria izan zen eta erromantizismoak norberaren izaera azpimarratu zuen eta rock and roll gehiago izan zuen. Baina, bestalde, gauza txarrak ere izan zituen.
“Erromantizismoari, nolabait, hegalak moztu behar dizkiogu”
Nik nahi dut onena hartzea. Hau da, atzera begiratzea maitasunez, baina aurrera begira jarraitzea.
Hori alde batetik. Bestetik, izenburuaren inguruan hausnartu nuen eta hara heldu nintzen. Barojak badauka izen bereko liburua eta Quique Gonzalezek ere badauka abestia bertso hori errepikatzen duena. Nik nire kabuz pentsatu nuen izenburua, baina izan liteke Quique Gonzalezen eragina izatea.
Liburuan maiz mundu bat desagertzen ari denaren sentsazioa. Aldi berean, Laudio ezagutzen dutenentzat, mundu hori oso ezaguna da. Partekatzen duzu ikuspegi hori?
Bai, horrekin bat nator. Laudioarrak gara eta argi dago zer gertatzen ari den. Aceros enpresaren itxieraren bigarren uholdea agertzen da eleberrian. Hori gertatu zenean langileek bazituzten tresnak erantzuteko eta baita klase kontzientzia ere.
Orain, nire ustez, hori guztia bukatu da. Pena ematen dit esatea, baina horrela sentitzen dut. Alde batetik, sindikatuak ondo daude, baina hainbeste jende dagoenez aldi baterako enpresen bidez kontrataturik, ez dira heltzen. Zaila da.
Bestalde, konfinamendua dela eta, asko hitz egin da telelanari buruz. Ondo dago eta azpimarratu dira bere abantailak. Mesedegarria izan daiteke horrelako egoeretan, baina kaltegarria izango da langileontzako. Galduko dugu antolatzeko indarra gure eskubideak aldarrikatzeko. Jadanik txarto geunden, hortaz, telelanarekin okerrago.
Gainera, auzokideekin daukagun harremana ere oso ezberdina da. Gogoratzen dut ni umea nintzenean gurasoen harremana auzokideekin estua zela. Itxialdiarekin jende askok aipatu du orain badakiela nor bizi den aurrean, eta normala da, guztiz motorizatuak gaudelako.
Gauza bera paisaiarekin. Aldatu da eta aldatzear dago. Gaur basoa deitzen diogu monolaboreari.
“Aceros enpresaren itxieraren bigarren uholdea agertzen da eleberrian”
Pertsonaia nagusia ez dago modernitatean sartuta buru-belarri. Ez zaio nabaritzen sare sozialetan edo teknologian jaioa denik. Atzera begira dagoelako?
Pertsonaia nagusia saiatu zen sare sozialetan egoten, baina inork ez zion erreparatzen bere profilari. Protagonista nahiko atzera begira bizi da. Konexio oso arraroak egiten ditu errealitatearekin, ez du jende gehiegirekin hitz egiten eta, ondorioz, ez du errealitatea kontrajartzen. Bere ondorioak ez ditu inorekin partekatzen egokiak edo arraroak diren sumatzeko.
Protagonismo osoa dute emakumeek liburuan, baita euren arazoek. Hausnarketa baten ondorioa da edo naturalki erabaki zenuen horrela plazaratzea?
Nire aurreko eleberriaren protagonista tratu txarrak jasan zituen emakume bat zen, eta aurreko liburuan ere emakumezkoa zen pertsonaia nagusia. Beti izan dut kezka hori. 2013an argitaratu nuen lehen eleberria, eta garai horretan ez zegoen hain presente gaia, agian.
Esaten badidate eleberri feminista dela, ni pozik, badelako. Feminista bada, eta gauza gehiago ere; ekologista, adibidez. Ez da kasualitatea.
Aiaraldekoak direnentzat, eleberria erakargarria da, tokikotasun handia baitu. Kanpokoak direnentzat zer izan daiteke interesgarriena?
Dena, elkartasun falta hori edozeinek nabaritu dezake. Langileok orokorrean. Eukaliptoei buruz ere mintzatzen naiz, eta basoen kudeaketak hausnarketa behar du. Emakumeon egoeran lan handia dugu egiteke...
Gai partekatuak dira, orokorrak. Globalizazioan arazoak ere orokortu dira. Tokikotasunak badu bere lekua, baina hainbat arazo mundu osoarekin partekatzen ditugu: paisaia, ekologia, indibidualismoa, lan eskubideek galerak... Hori guztia oso zabalduta dago.
Desindustrializazioaren itzala oso nabarmena da liburuan. Nolako eragina izan zuen horrek zure bizitzan?
Nabarmena. Aita Aceros enpresako langilea zen eta ondo gogoratzen dut bolada hori. Nik zein beste guztiok, baina gure familian bereziki gogoratzen dugu. Orain ohituagoak gaude, baina garai horretan langabezia hitza askoz dramatikoagoa zen. Kontua da lan merkatua hondamendi hutsa bilakatu dela eta orain bi egunez egiten dugula lan hemen, gero han...
Langabezia kezka handia bilakatu zen eta ni konturatu nintzen. Institutuan nengoen garai horretan eta gogoratzen ditut mobilizazioak, elkartasuna... Horri buruz luze aritu gintezke, baina egondako elkartasunak ez dauka eztabaidarik. Egun ezin dugu imajinatu horrelako mobilizaziorik.
Niretzat oso garrantzitsua da hori guztia. Nerabezaroan harrapatu ninduen eta ikusi nuen zein arrotz eta bortitza den mundua, baina baita zein gauza politak dituen ere, ondo antolatzen garenean. Hala ere, ezkorra naiz eta gero eta zailagoa sumatzen dut antolakuntza.
Liburua aurkeztea posible izango da?
Ez, ezinezkoa da. Promozioa egingo dut hedabidetan, baina nik uste eleberria nahiko berezia dela. Topatuko du bere publikoa, ez dakit noiz, baina oso lasai nago eta konbentzituta.
Agian Bilbon egongo da aukera aurkezpenen bat egiteko, baina publiko mugatuarekin. Dena da, oso zaila orain. Egoera honetan atera da eta horrela izan behar da. Asmoa zen Bartzelona edo Madrilera joatea eta argitaletxeak dituen azpiegiturak baliatzea, baina ez da posible izango.