Aritz Aduriz futbol jokalariak jarduera profesionala utzi badu ere, jarraitzaile ugari izaten jarraitzen du. Horiek guztiek aukera izango dute aurrelariak sinatutako Athletic Clubeko kamiseta eskuratzeko, Altzarrateren zozketako tiketa erosita.
Izan ere, Altzarratek zozketarako txartelak salgai utzi ditu Haitzulo, Indriska, Azoka, Batzoki, Tolo, Lauri, Laurak, El tunel, Araba, Zuberoa, Arkupe, Ertza, Ugarte, Karrika eta Arcos de Quejana tabernetan. Toki horiek guztiek hasieratik lagundu dute ekonomikoki futbol kluba; eta, ondorioz, Altzarratek babestu nahi izan ditu.
Zehazki, 65 tiket izango ditu ostalaritzako leku bakoitzak saltzeko, 2 euroko prezioarekin bakoitzak. Jasotzen duten diru guztia tabernarentzat izango da. "Eurek mesedea egin diguten moduan behar izan dugunean, guk ere itzuli nahi diegu, tokiko ostalariak babestuta pandemiako garai zail hauetan", azaldu dute klubeko iturriek.
Saria nork jasoko duen uztailaren 25ean erabakiko da. Egun horretan zozketa berezia egiten du Loteria Nacionalek, eta zenbaki garailearen azken 3 zenbakiak dituen lagunak lortuko du kamiseta.
Aritz Adurizen kamiseta
Altzarrate Kirol Elkarteak hitzarmena dauka Athletic Clubarekin eta horri esker trebakuntza jasotzen dute 1. mailako klubaren aldetik.
Horrez gain, bestelako bitartekoak ere eskaintzen ditu Athleticek, eta hori baliatu du Altzarratek Aritz Adurizek sinatutako kamiseta eskuratzeko.
Honakoa da da Altzarratek abian jarri duen lehen ekimena. Taldearen logoa duten maskarak ere banatu dituzte taldeko kideek, babesle guztien artean.