BELEN HERRERO ALONSO ETA MONTSE GONZALEZ BARREDO

“Kulturartekotasuna islatzea izan da muralen xedea”

Aitor Aspuru Saez 2020ko eka. 20a, 16:22

BELEN HERRERO ALONSO (Laudio, 1971) eta MONTSE GONZALEZ BARREDOk (Areta, 1963) Laudioko Helduentzako Ikastetxeko zenbait horma margotu dituzte maiatzean eta ekainean. Egindako lanari buruz mintzatu dira.

Nola sortu da mural hauek egiteko ideia?

Montse: Koldo Zabalak, Helduentzako Ikastetxeko zuzendariak, aipatu zigun muralak egin nahi zituela ikastetxeko barruko hormetan eta gaia kulturartekotasuna izango zela. Proposamena egin genuen eta aldaketa txiki batzuen ostean (koloreak, formak, bertsolariak txertatu...) onartu zuten. Gero zehaztu genuen zein horma margotuko genituen eta mural txikiago bat egin genuen, sarrerakoa, hain zuzen. Berez, ertz horretarako moldatu genuen, gizonezkoaren aurpegia bertan uzteko. Eta ez genituen gauza askoz gehiago aldatu.

Zertan oinarritu zineten diseinua sortzeko?

Montse: Alde batetik, islatu nahi genuen gu non gauden, gure ingurua. Bestalde, dena nahastu nahi genuen. Horregatik siluetak uztartu genituen eta mapan bilatu genuen zein zonaldetik datorren jende gehiago Laudiora. Etorkin gehienak Afrika, Hego Amerika eta Europako erdialdekoak dira. 

Lurralde horietako ehunen kolorekoak dira mapan itsasoa estaltzen dutenak. Ehunen koloreak adierazgarriak dira zonalde bakoitzari dagokionez. Agian ez dira toki bakoitzeko ezagunenak, estetikoki moldatu behar izan ditugu ondo geratzeko.

Horrez gain, eguzkilorea eta horrelako elementu ikonikoak, edonork ezagutzen dituenak, jaso ditugu.

 

"Kanpoko ehunen koloreak eta hemengo elementu ikonikoak uztartu ditugu"

 

Zenbat denbora behar izan duzue murala egiteko?

Montse: Diseinurako astebete behar izan genuen. Aldaketak eta abar egin genituen eta photoshopen prestatu genuen erakutsi ahal izateko. Gero zirriborro horren gainean zenbait aldaketa egin genituen eta 3 aste egon gara margotzen.

Belen: Oso egun biziak izan dira, hori bai, 10 eta 11 ordu eman ditugu egun batzuetan.

Zergatik uste duzue proposatu zizuetela zuei?

Montse: Uste dugu erakusketa bat egin genuela eta interesa sortu ziola horrek zuzendariari, Laudioko Kultura Etxean irakasleak baikara. Suposatzen dugu horregatik izan zela. Ez dugu galdetu, egia esan.

Inauguraziorik egiteko aukera izango duzue?

Montse: Ez dugu uste, ez da une egokiena. Bestalde, ez dago ziur gure lana bukatu denik. Gainerako hormetan testuak eta olerkiak margotzea aukera bat da. Ez bakarrik euskaraz, baita bestelako hizkuntzetan ere. Ikasleek parte hartzea litzateke asmoa.

Dagoen margo grisaren gainean kolore bereko beste margoak erabiltzea da ideia, deigarriak ez direnak, baina hor egongo direnak. Ez daitezen izan horma margotuak, baizik eta elkarren artean lotura izan dezaten.

Mural gehiago egin dituzue?

Montse: Bai, Amurrioko Txakolin Egunean 3 egin genituen duela urte asko. Amurrioko Arte Eskolan ere egin ditut, baina ikasturte amaierako erakusketak egiteari utzi diogu. Bestelako elementuak txertatu ditugu eta ez digu denborarik ematen dena egiteko. Hori bai, duela bost urtera arte, urtero egiten genuen bat. Gero, nire kabuz beste hiru egin ditut.

 

"Margo akrilikoa lortzea ezinezkoa izan da, jendea etxean margotzen hasi delako itxialdian"

 

Zein zailtasun izan dituzue mural hauek egiteko?

Belen: Garrantzitsuena margoa lortzea izan da. Pandemiaren ondorioz, ezin genuen nahi genuena eskatu. Eskatzen genituen materialak ezin ziren eskuratu, jende asko hasi delako etxean margotzen. Ondorioz, dendetan zegoena agortu da.

Montse: Gainera, lantegietan ez da jarduerarik egon eta ez zegoen falta zena ordezkatzeko modurik. Amaitu dena hornitzeko aukerarik ez dago une hauetan. Dendetan esaten dizute 15 egun behar dituztela eskaria eskuratzeko eta, gainera, ez osorik. Berez, oraindik denda baten erantzunaren zain gaude eta duela 10 egun deitu genuen.

Hori guztia dela medio, erabaki genuen Laudion bertan erostea margoa eta ez da akrilikoa, etxeko hormetan erabiltzen dena baizik. Askoz hobea da guretzat akrilikoarekin egitea, hainbat tono lortzeko aukera baitago.

Kolore batzuk besteekin nahastu arren, ez da posible nahi duzuna lortzea. Jakina, egin nahi duzuna baldintzatzen du horrek.

Hormetan erabiltzen den margoa ez dago pentsatuta aldaketak egiteko, baina guk nahasketekin lan egiten dugu. Hormako margoak ez du ia pigmenturik, akrilikoarekin alderatuta.

Horregatik ez gara hain gustura ibili. Izugarri kostata lortzen genuen nahi genuena eta, gainera, hainbat aldiz margotu behar izan ditugu hormak. Pigmentu gutxiago duenez, behin edo birritan margotuta ondo geratuko litzateke, baina kasu hauetan lau edo bost aldiz margotzeko beharra izan dugu eta, horrez gain, emaitza ez da izan guk nahi genuena.

Hala ere, zer da gehien gogoko duzuena lan honetan?

Montse: Nik bereziki gogoko dut gizon nagusiaren irudia.

Belen: Nik oro har dena izan dut gogoko, baina albotik igarotzen naizen bakoitzean pentsatzen dut pena handia izan dela kolore egokiak lortzeko paradarik ez izatea. Bestelako margoekin emaitza ikusgarria izango litzateke. Orain ere polita dago, baina irabaziko luke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide