Giroa tenkatuta dago Laudioko Aldai plazan jarri ohi diren osteguneko azokako merkatarien eta udalaren artean. Koronabirusa dela eta hainbat segurtasun neurri ezarri ditu tokiko erakundeak, eta postuak birkokatu ditu. Hemen behean dagoen planoan ikusi daiteke udalaren proposamena.
Aldai plazako estalitako gunean 14 tokiko ekoizle kokatuko lirateke. Konfinamendua baino lehen San Pedro elizako arkupeetan zeuden baserritarrak, baina alarma egoeraren barruan tokiko azokak baimendu zirenean Aldai plazara mugitu zituzten, eta bertan mantentzea da udalaren asmoa. Gauzak hala, Aldai plazan hasieran zeuden postuetatik 11 baino ez lirateke mantenduko. Beste 11 alboan dagoen futbito zelaian kokatuko lirateke, eta azken hirurak handik gertu dagoen zubian.
Merkatariek ez dute planteamendua begi onez ikusi eta aldarrikapen bat jarri dute mahai gainean: postu guztiak batera joatea. Postuen tamaina txikitzeko prest agertu dira horretarako baina, udalaren aburuz, neurriek ez dute ematen, postuen artean 4 metro egon behar direlako eta jendea pasatzeko korridoreen zabalera sei metrokoa izan beharko gutxienez.
Bost postu kentzeko asmoa du udalak
Udalak nabarmendu du lehentasuna “osasun neurriak” betetzea dela, eta bide horretan egin dutela proposamena. “Adostasuna lortzeko prestutasuna izan dugu uneoro”, ziurtatu du Andoni Oruek. Gauzak hala, postuetako kideen jarrera “zurrunegia” dela uste du zinegotziak, eta aurreratu du postu kopurua “25etik 20ra” murrizteko asmoa dutela etorkizun hurbil batean.
Oposizioaren kritikak
EH Bilduko zinegotziak udal gobernuarekin bildu dira atzo eta gaur, egoeraren inguruan hitz egiteko. “Argi utzi digute eurak izango direla etorkizunean zein azoka mota ezarri erabakiko dutenak, baina ez dute argitu ea planteatzen diren neurri hauek behin behinekoak edo behin betirako izango diren”, azaldu du Lamia Arcas zinegotziak.
Hargatik, gaiak hurrengo asteetan soka luzea ekarri dezakeela dirudi.
Amurrioko merkatuko aldaketak
Amurrioko azokan ere hainbat aldaketa egin dituzte, baina ez da Laudion bezalako gatazkarik sortu. Santa Mariako elizaren inguruan kokatu dituzte oinetakoak eta arropa saltzen dituzten 22 merkatariak. Elikagaien postuan San Anton plazan mantenduko dira eta tokiko ekoizleenak, aldiz, Juan Urrutia plazan dagoen karpan, konfinamenduan zehar egon diren toki berean.