Aparkaleku falta, argiteria eta irisgarritasuna dira herritarrek identifikatutako arazo nagusiak, udalak eginiko ikerketa baten arabera

Txabi Alvarado Bañares 2020ko eka. 22a, 22:14

317 erantzun jaso ditu guztira auzoetako beharrak identifikatzeko eginiko inkestak. 

Harrera ona izan du Laudioko Udalak auzoei begira eginiko lehen parte-hartze prozesuak. Galdetegi bat zabaldu zuen tokiko erakundeak urte hasieran bizilagunen artean, auzo bakoitzeko beharrak identifikatzeko. Udal gobernuak positiboki baloratu du ekimenak izandako harrera, 317 erantzun lortu baitituzte guztira, eta horietatik 303 baliozkoak izan dira. Erantzun duten gehienak (%58,2) emakumeak dira. 

“Lortutako emaitza oso interesgarria da da, populazioaren lagin esanguratsu bat barnebiltzen baitu”, nabarmendu du Ander Larrinaga zinegotziak, “lortutako emaitzekin %95eko konfiantza-mailarako %5,58ko errore-marjina dago”. 

Kezka nagusiak

Herritarrek 10etik 6,57ko puntuazioa eman diote bataz beste udalerriko bizi-kalitateari. Hala ere, gehien errepikatu den puntuazioa 8koa izan da, Larrinagak nabarmendu duenez. 

Hainbat alor puntuatzea eskatzen zien inkestak herritarrei. Aparkatzeko erraztasuna eta kultura eta aisialdi espazioen eskaintza dira txarren baloratu diren alorrak, 3,97 eta 3,74ko puntuazioekin, hurrenez hurren. Oinezkoen mugikortasuna, aldiz, hobekien puntuatutako alorra izan da, 6,37ko bataz-bestekoarekin. 

Hala ere, gauza bat kontuan izan behar da, Larrinagaren hitzetan: “txarren puntuatutako alorrek ez dute beti bat egiten herritarren kezka nagusiak diren horiekin.  Kultura eta aisialdi espazioen eskaintzak, adibidez, puntuazio baxua du, baina ez dago inkestatutako gehienen lehentasunen artean”. 

Lehentasun horien inguruan ere galdetzen zuen inkestak. Galdetegia erantzun zutenen %11,4arentzat aparkatzeko erraztasuna izatea da bizi-kalitatea neurtzerako orduan garrantzi handiena duen elementua, %10,7arentzat  garbiketa eta %10,6arentzat altzarien egoera orokorra. 

Bestalde, herritarren %13,9arentzat aparkaleku falta da kezka nagusia, argiteria (%7,9) eta mugikortasun eta irisgarritasunarekin (%77) batera. 

Auzoz auzo

Hala ere, erantzunak ez dira berdinak auzo guztietan. Aretan, adibidez, kultur-espazioen falta da herritarren kezka nagusia (%19,3). Arrañoko bizilagunek, aldiz, bataz bestekoaren nahiko azpitik baloratu dute euren bizi-kalitatea. Gardeako bizilagunentzat mugikortasun eta irisgarritasuna da arazo nagusia, eta Larrazabalgo herritarrek aparkaleku falta eta espaloien egoera nabarmendu dituzte. Ugarten segurtasun gabezia da kezka nagusietako bat; erdigunean, aldiz, aparkatzeko ezintasuna. 

Hemen ikusi daitezke emaitza guztiak.

Galdetegia, urtero

Larrinagak iragarri du galdetegia urtero egingo dutela,bizilagunen kezka eta beharren bilakaera ikusteko. “Auzo bakoitzari egokitutako kronograma bat” osatu nahi dute galdetegiaren emaitzekin, gune bakoitzean zer lan egin behar diren zehazteko. “Ondo dagoena mantendu eta hobetu behar dena hobetzen saiatuko gara”, azaldu du Maite Kortazar zinegotziak.

Ander Añibarrok, bere aldetik, eskerrak eman dizkie bi zinegotziei, eurak arduratu baitira parte-hartze prozesu osoa garatzeaz. “Udalaren baliabide propioekin egin dugu dena”, nabarmendu du alkateak, “herriaren argazki erreal bat izateko balio izan digu eginiko lanak”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide