Bi elkarretaratze egingo dituzte Novaltia Bizkaiako langileek ostegun honetan -ekainak 25- Laudion. Carlos Fuertes farmazian (Ardantzazar 9, Laudio) izango da lehena, 11:00etan. Bigarrena ordubete geroago izango da, Egia Solaun farmazian (Zumalakarregi 13, Laudio). Prentsaurrekoa eskainiko dute bertan, Aiaraldea Komunikabideak jakin duenez.
Ia urtebete greba mugagabean
Botika banaketa enpresa bat da Novaltia, eta bertako langileek 2019ko uztailaren 22tik daramate greba mugagabean, hainbat arrazoi medio. Langileen ordezkariek nabarmendu dute urte eta erdi eman zutela enpresaren lan hitzarmen berria negoziatzen, eta azkenean ez zutela adostasuna lortu. Gainera, 2019ko otsailean enpresak hitzarmena kendu eta akordio sektoriala aplikatu zien, eta urte bereko abuztuan Zaramatamoko biltegia Zamudiora mugitzeari ekin zion zuzendaritzak, beharginekin ezer adostu gabe.
Soldata eskala bikoitz “bidegabea”
Horrez gain, “soldata eskala bidegabea” aplikatzen ari dira, grebalarien esanetan. “Kontratatutako langile berriek kategoria eta funtzio berdinak dituzten gainontzeko langileak baino %35 gutxiago jasotzen dute ordainsarietan, eta gehiegizko baldintzak ezartzen zaizkie; jai-egun eta igandetan lan egitera derrigortuak egoteraino, enpresak beharrezkotzat ikusten badu”.
Gainera, enpresak ez dio uko egin biltegiko funtzio nagusiak kanporatzeari, eta Enpresa Batzordeko kideak jazarri ditu, grebalarien arabera. Salatu dutenez, epaiketa bat egon zen arrazoi horregatik, eta horren ostean zuzendaritzak espedienteak ezarri zituen.