Korapilatsua izan zen atzoko gaua Laudioko Granjabide kalean. Ura arratsaldeko zazpiak arte moztea zen plana, bertan egiten ari diren obrak direla eta. Baina hodi batek eztanda egin zuen, eta goizeko ordubiak arte luzatu da mozketa. Langileak ordurarte aritu dira egoera bideratzen, Joseba Amondo zinegotziak eta Ander Añibarro alkateak lagunduta.
Hodiak fibrozementuzkoak izateak are gehiago zaildu du egoera, adierazi dutenez. Material hori egiteko amianto zuntzak erabiltzen dira. Ondorioz, enpresa espezializatu bat bertaratu behar izan da apurtutako hodia kentzera. "Hautsi zen hodiko materiala enpresa horrek soilik manipulatu zuen", ziurtatu du udalak.
Gauzak hala, tokiko erakundeak nabarmendu du ez dagoela inolako arriskurik langile eta bizilagunentzako, fibrozementua "bide hezetik manipulatzeak ez dakarkiolako arriskurik giza osasunari".