MARCELA DENISIA CARCULEA

“Bukaresteko erdigunetik mendian eta kolore berdez inguratuta egotera igarotzeak pena eta gaitz guztiak kendu dizkigu”

Julen Solaun Martinez 2020ko uzt. 12a, 08:28

Denisia Carculeak ibilbide luzea egin du sukaldaritzan. / D.C.

MARCELA DENISIA CARCULEA (Errumania, 1989) Kumeakeko jabea da, Jon Atxa bere senargai laudioarrarekin batera. 15 urte zituela Espainiara mugitu zen eta, geroztik Cadizen, Donostian, Ibizan eta Laudion ibili da, nahiz eta 2017tik 2020ra Errumanian ibili zen. Aurtengo martxoan berak eta Atxak Ermualden bizitzeko eta bertako aterpe-taberna kudeatzeko proiektua hartu zuten, baina COVID-19a dela eta, Alarma Egoera amaitu arte itxaron behar izan zuten inaugurazioa egiteko.

Nola bizi izan duzu konfinamendua etxetik eta familiatik urruti pasatzea?

Herrialdez eta etxez aldatu berri gara. Nahiko arraroa izan da dena orokorrean. Aldaketetara eta estres handiko egoeretara ohituta nagoen pertsona bat naiz, baina nire jendearekin Interneten bidez konektatuta egoteko beharra sentitzen nuen. Nire familia ahizpa, ama eta aita dira, batez ere.

Gainera, familia berria dut hemen, Jonen gurasoak nireak ere direlako. Bere ama Andaluziakoa da eta oso ondo konektatu genuen lehenengo egunetatik, bere alaba banintz bezala tratatzen nau!

Nola komunikatu zara familiarekin?

Bideo-deiak eta WhatsAppa baliatuta, baita Instagramen bidez ere, zuzeneko emanaldiak eta antzekoak baliatuta.

Nolakoa izan da haien egoera Errumanian?

Ekonomikoki oso txarra. Oso zaila da ostalaritza sektorean egoerari buelta ematea hilabete batzuk igaro eta gero, nahiko diru aurreztuta edo laguntzarik gabe, behintzat. Hilabete amaierara heltzeko dirua bakarrik irabazten zuen jendea hasieratik erori da. Enpresari handiek enplegua erregultatzeko espdienteen alde ahal izan dutena egin dute, baina gutxi izan direla uste dut. Hilabete batzuk dira jada hango jendearekin hitz egiten ez dudala, Kumeakekin oso sartuta egon naizelako, baina egoera ez dago ondo.

Osasun krisia, aldiz, oso ondo kontrolatu dute. Ekitaldi solidarioak egon dira, gure lagun askok ere janari errazio asko banatu dituzte. Egia da ere milaka pertsonek gosea pasatu dutela.

Laudiora eta Euskal Herrira etorri berri zara. Nahiz eta Donostian bizi izan zinen aspaldi. Zer desberdintasun nabaritu dituzu?

Asko maite ditut Espainia eta Euskal Herria. Nire saltsan egotearen poztasuna besterik ezin dut sentitu. Dena den, dudarik gabe, asko sufritu eta negar egin nuen nire herrialdea bigarren aldiz utzi behar izanagatik. Alarma Egoerak zailagoa bihurtu zuen dena, ia eramanezina. Oraindik ditugu itxi behar diren kontuak, baina pixkanaka egingo dugu.

Kumeak jatetxea kudeatzeko Laudioko herrigunetik urruti bizi eta lan egiten duzue. Nola daramazu kontrastea?

Talka ikaragarria izan da. Bukaresteko erdigunetik mendira eta kolore berdez inguratuta egotera pasatzeak pena eta gaitz guztiak kendu dizkigu. Hau maite dugu, oso lasai gaude. Hori bai, goizeko zazpi edo zortziak aldera lehenengo ibiltariak entzuten dira.

Alarma Egoerarekin batera ireki zenuten, nolakoa izan da jendearen erantzuna?

Ekainaren 4an ireki genuen, baina terraza bakarrik. Hala eta guztiz ere, jendearen erantzuna sinestezina izan da. Gainezka egon gara eta ahal izan dugun moduan konpondu behar izan gara mundu guztia gustora eta erlaxatuta egon zedin, ahalik eta egoera seguruenean, hori bai. Autoritateek emandako arau eta gomendioak jarraitzen baditugu, ondo eraman ahal da.

Hori bai, pertsona burugogorrak gara berez eta dena nahi dugu orain. Pandemia garaitzeko denboran bidaiatu nahi dugu, denak aurretik zegoen bezala jarraitu zezan. Oso ideia ona da, baina, ezinezkoa denez,datorrenerako prestatuta egon behar gara.

Ardura guztiak gutxi dira eta materiala, lehengaiak, pertsonala, bisitariak eta bezeroak kontrolatuta izateko obsesio handia dugu, uneoro gaude garbitzen eta desinfektatzen. Momentuz, jangelarako erreserba guztiak ezeztatu ditugu eta gure terrazan egotea gomendatzen dugu, Santutegiaren oinetan; eraikin hunkigarria baita, Laudioko eskaparate paregabea.

Orain arazo asko gabe egin ahal da kirola mendian. Zer espero duzue Kumeaken etorkizunerako?

Kumeaken etorkizunak ez du zuzeneko erlaziorik mendiko kirolekin, baina bai mugikortasunarekin. Momentuz, Ecodenda da hurrengo urratsa. Sortuta dago, baina ez du zerbitzurik oraindik. Gainera, Kumeak Kioskoa oso beharrezkoa da udan zehar. Hala ere, ikusi beharko dugu zer gertatuko den. Argi daukagu 2021. urtea oso desberdina izango dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide