Ramon Belaustegigoitiaren Euzkadi en llamas liburua berrargitaratu du Txalapartak. Guda Zibilean girotutako eleberria da. 1938. urtean idatzi zuen kazetari eta idazle laudioarrak, erbestean zegoela. Gerraren nondik norakoak jarraitzen ditu nobelak, Pedro izeneko gudari baten istorioa kontatuta.
Honako hau ez da Txalapartak plazaratzen duen Belaustegigoitiaren lehen lana. Duela 37 urte Con Sandino en Nicaragua kazetaritza liburua argitaratu zuten. Izenak iradokitzen duen bezala, Sandinorekin Nicaraguan bizitakoak kontatzen ditu idazle laudioarrak liburu horretan, bertan egon baitzen korrespontsal moduan. Antza, Belaustegigotiak eragin nabarmena izan zuen sandinismoan, lur banaketaren eta kooperatibismoaren alorrean batez ere. Gauzak hala, Nikaraguako gobernuak Rubén Darío Independentzia Ordena eman zion iaz, herrialde horretan ematen den aitortzarik garrantzitsuena. Belaustegigoitia 1981. urtean hil zenez, bere senideek jaso zuten oroigarria.
Ibilbide gorabeheratsu bezain oparoa
Pelikula baten gidoia sortu ahalko litzateke erraz Belaustegigoitiaren bizitzarekin. Athleticeko jokalaria izan zen eta liga irabazi zuen 1914 eta 1916. urteen artean. Zuzenbidea eta ekonomia ikasketak egin zituen Londreseko unibertsitatean, eta aldizkari askotan idazteari ekin zion: Hermes, Euzkadi, El noticiero Bilbaino eta La Tarde. El Sol agerkarian ere aritu zen korrespontsal gisa, Londresen. Lehen Mundu Gerraren berri eman zuen bertan.
Ibilbide literario oparoa izan zuen. Hainbat saiakera plazaratu zituen, lur banaketaren ingurukoak batez ere. Mexikora erbesteratu zenean ez zen geldirik egon. 1941. urtean boluntario gisa alistatu zen hainbat ontzi mexikar bonbardatu zituzten urpekarien aurka jarduteko. Mexikar Armadaren Ohorezko Liburuan agertzen da bere izena.