Orkatza erreskatatu zuten atzo Landaluze auzuneko parkean, txakur batek erasotu ostean

Aitor Aspuru Saez 2020ko eka. 29a, 09:15

Orkatzaren hankak lotu ostean, oihalarekin estali zuten jendea ez ikusteko eta estresa ekiditeko./ Laudioko Suhiltzaileak

Larrialdi zerbitzuek orkatza erreskatatu zuten atzo Landaluze auzoko errekan, inguruko txakur batek hainbat aldiz kosk egin baitzion.

Atzo bazkalostean Laudioko Udaltzaingoak eta Suhiltzaileek orkatz zauritu baten kasua kudeatu behar izan zuten Landaluze auzoan. Antza, animaliak txakur baten erasoa pairatu zuen eta parkeko errekan geratu zen indar gabe eta zaurituta.

Udaltzaingoak jakinarazi zien suhiltzaileei kasua eta hauek Martiodako basa animalien zentroarekin harremanetan jarri ziren, orkatzaren bila etor zitezen. Edonola ere, Martiodako zentroko arduradunek erantzun zieten lanpetuta zeudela, ez zutela jende nahikorik eta orkatza ez zela lehentasuna, ez baita babestutako espeziea.

Suhiltzaileek aipatu dutenez, zenbait aukera baloratu zituzten. Alde batetik, animalia askatzea, probatzeko ea bere kabuz baliatzeko gai zen. Bestetik, suhiltzaileek eurek plazaratu zuten asmoa animalia Martiodara eramateko, baina igandea izanik, ez zituzten baliabide nahikorik eskualdea behar bezain babestuta egoteko. Azkenik, Gorbeialdeko basozain batek eraman zuen orkatza zentrora.

Suhiltzaileek argitu dute, berez, animaliaren zauriak ez zirela oso larriak, baina leher eginda zegoela eta estresatuta: "Oihala baliatu genuen burua estaltzeko. Izan ere, jendea ikusten badute estresatzen dira eta horren ondorioz hil daitezke. Hala eta guztiz ere, zauriak ez ziren oso larriak, nahiz eta hanketan eta lepoan izan".

Ertzaintzak jakinarazi duenez, inork ez du erasoa salatu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide