SELEKTIBITATEA

Selektibitatea "baldintza duinetan" egitea eskatu dute Aiaraldeko hezkuntza komunitateko hainbat eragilek

Txabi Alvarado Bañares 2020ko uzt. 2a, 18:55

Elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Aiaraldeko hezkuntza komunitateko hainbat eragilek Laudioko Institutuaren aurrean, selektibitatea "baldintza duinetan" egitea eskatzeko. 

Salatu dutenez, unibertsitatera sartzeko proba horren gaineko erabakiak "aldebakartasunez" hartu dira. "Hartutako erabakiek argi uzten dute, Euskal Autonomia Erkidegoko zein Nafarroako gobernuek ez dutela hezkuntza komunitatearekin zubiak eraikitzeko inolako intentziorik", azaldu dute mobilizazioan, eta nabarmendu dute "oso larria" iruditzen zaiela ikasleen egoera kontuan hartu gabe etengabe erabakiak hartu izana. "Sekulako presioa eragiten digu unibertsitatera sartzeko probak, inoiz baino baldintza kaxkarragotan egin beharko dugu aurten, inoiz baino presio handiagoarekin”. 

Gauzak hala, hainbat aldarrikapen jarri dituzte mahai gainean. Alde batetik, selektibitatea ikasle bakoitzak gertuen duen espazioan egitea eta mugitu behar direnei garraio zerbitzua eskaintzea eskatu dute, "segurtasun neurri guztiak bermatuta". Edukiei dagokionez, hirugarren ebaluazioan landutakoa azterketan ez sartzea exijitu dute, eta baita azterketa ereduen arteko ariketen aukeraketa malgua izatea ere. Azken aldarri bat ere plazaratu dute: probak zuzentzeko baliatuko diren irizpideak denboraz helaraztea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide