Esklerosi anizkoitzaren kontrako eguna uztailaren 12an izango bada ere, uztailaren 18an, larunbatean, aterako dute kalera "Busti zaitez!" ekimena, gaixotasun horren aurkako bitartekoak lortu ahal izateko.
Printzipioz, aurreko edizioetan eskaintza zabalagoa egin badute ere -umeentzako jokoak edo pintxoak- aurtengo ospakizuna gehiago mugatuko dute, COVID-19 birusa dela medio.
Horrela, mahaia prestatuko dute Batzalarrin kalean -eguraldiak ahalbidetuz gero- eta elkartasuna materialak salduko dituzte, kamisetak, esaterako. Prebentzio eta segurtasun neurriak zorrotzak izango dira eta, adibidez, mahaian dauden boluntarioek eta laguntzaileek besterik ez dituzte ukituko salgai dauden produktuak, kontaktua murrizteko.
Horrez gain, gel hidroalkoholikoa izango dute eskuragarri eta ordainketak datafonoaren bidez egingo dira.