Udaleko hedabideak hauteskundeetan bere mesederako erabiltzea leporatu dio EH Bilduk EAJri

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 7a, 15:38

EH Bilduko udal taldeko lau kide. / Aiaraldea.eus

Laudioko EH Bilduko udal taldeak EAJri egotzi dio udal komunikabideak baliatzea propaganda egiteko, eta onartu berri duten lan eskaintza publikoaren prozedura jarri du koalizioak horren adibide moduan.

Laudioko EH Bilduko udal taldeak oharra zabaldu du salatzeko, euren ustez, EAJk modu alderdikoian erabiltzen dituela tokiko erakundeko hedabideak. Horren adibidea da, koalizioarentzat, pasa den astean onartutako oposizioen prozedura: "Pasa den ostiraleko Tokiko Gobernu Batzordean (TGB), udal gobernuak udalak egingo duen LEP bat onartu zuen. Nahiz eta 2021a arte ez den gauzatuko, LEP hau hauteskunde kanpainan aurkeztu du gobernu taldeak (bat ere etikoa ez dena eta legearen mugan egon daitekeena), eta udal komunikabideetan horren berri eman dute alkatearen argazki batekin".

EAJren sokakoen alde egitea

Edonola ere, praktika larriagoak ere leporatu dizkio koalizioak alderdi jeltzaleari. Zehazki, egotzi dio gardentasun gutxirekin kudeatzea lan deialdiak bere ingurukoen mesederako: "Bi peoi kontratatzeko lerrorik, txiorik edo postik ez. Alkateak albiste hori sare sozialetan argitaratu zutela esan zuen TGBn, gezurretan ari zen. Hau horrela kudeatzeak susmo txarra dakar, egiten duten kudeaketa herriaren alde baino, beraien sokakoen alde egiten dutela agerian uzten dute, eta horrela, ez dute lortuko plaza horiek hoberen bete dezaketen pertsonek eskuratzea".

Horrez gain, Santi Hernando EH Bilduko zinegotziak gogoratu du laster esleituko dituztela komunikazio zerbitzuak, 36.000 euroren truke: "pentsa ezazue esleipena irabaziko duena noren sokakoa izango den".

Zinegotzi jeltzaleen argazkiak

Azkenik, aipatutakoaren adibide moduan, Santi Hernando EH Bilduko zinegotziak azpimarratu du maiz udal komunikazio euskarrietan ordezkari politiko jeltzaleak agertzen direla irudietan: "Sar zaitezte Laudioudala.eus edota Zuin.net-en, eta zenbatu ezazue zenbat argazkitan agertzen diren alkatea eta gobernu taldeko zinegotziak, edota zenbat aldiz agertzen diren beraien izenak letra lodiz”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide