"Hotzkai heavy metal taldea gara eta euskaraz abestea erabaki dugu, euskararen erabilera bultzatzeko"

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 8a, 11:54

ARGOITZ LILI, ARKATU LILI, JULEN SALGADO eta JON ANDER RODRIGUEZ dira Hotzkai taldeko kideak. Rockein musika lehiaketan parte hartzen ari dira eta azken urtean proiektua modu serioagoan lantzen ari dira.

Zein da taldearen historia?

Argoitz Lili: Duela 3 urte sortu zen, gutxi gorabehera. Jon Ander eta biok hasi ginen denbora-pasa moduan. Hilabetea igarota, pentsatu genuen zerbait serioagoa egitea eta Arkaturi proposatu genion, nire anaiari, taldera batzeko. Berak baxua jotzen du.

Hasi ginen beste talde batzuen heavy metal abestiak jotzen. Horrela aritu ginen bi urtez eta duela urtebete ezagutu genuen Julen. Esan genion gurekin saiatzeko, ea gogoko zuen egiten genuena eta berehala egokitu zen taldera. 

Taldea beste gauza bat da berarekin. Lau gara, bateria, baxua eta gitarrak eta primeran gaude. 

"3 abesti genituen Rockein lehiaketan parte hartzeko eta orain sekulako lana dugu gehiago sortzeko"

Hortik aurrera, aspaldi bageneukan abestiren bat eginda, baina laurok egonda, seriotasunez berriki hasi gara gure kantak egiten. Momentuz 3 abesti ditugu soilik, justu behar genituenak Rockein lehiaketara aurkezteko, eta orain kriston lana daukagu gehiago sortzeko.

Aurretik jo duzue talderen batean?

Jon Ander Rodriguez: Nik ez.

Julen Salgado: Bertsio talde batean edo bitan jo dut, bai: baina gutxi eta duela urte batzuk.

Arkatu Lili: Nik jo nuen blues talde batean, Woodstock Trio-n, hain zuzen.

Argoitz Lili: Nik duela urte pilo jo nuen teklatua Sweet Purpura taldean eta gero anaiak eta biok proiektu txiki batean, Warthog taldean, aritu ginen. Kontzertua eskaini genuen duela 14 urte Laudion. Hilabeteko kontua izan zen. Kontzertu hori prestatu eta listo. Jon Anderrek eta biok ez daukagu esperientzia handirik.

Zein da gogoko duzuen generoa eta zeintzuk zure erreferenteak?

Jon Ander Rodriguez: Gehienbat, rock eta metal taldeak. Horien barruan badaude gogoko ditugun azpigeneroak, baina bereziki rocka eta metala jotzen dugu. 

Julen Salgado: Metal generoa oso zabala da eta barruan oso bestelako generoak daude. Bakoitzak agian genero batzuk ditu gustuko, baina guztion artean ari gara gure estiloa bideratzen. 

"Metallica eta Su Ta Gar taldeen eragina nabaria da gure abestietan"

Argoitz Lili: Agian esan genezake heavy metal klasikoa jotzen dugula eta trash metala. Metallicaren eragina nabaria da eta, jakina, Su Ta Gar euskal erreferentearena, hori esan beharra dago, argi eta garbi. 

Orduan sortu dituzuen abestietan horien eragina nabaria da?

Argoitz Lili: Bai, bereziki abesti batean sumatzen dira erreferentzia ezberdinak zatika. Metallica, Iron Maiden...

Jon Ander Rodriguez: Su Ta Gar...

Argoitz Lili: Guk argi ikusten ditugu, baina bakoitzak entzutean esan beharko du.

Epe motzean zein da zuen helburua?

Julen Salgado: Zaila da une hauetan hori esatea, baina guk behar genuen bultzada txikia eta Rockeinek hori eman digu, gure abestiak egiten hasteko. Izan ere, orain arte bertsioak jo ditugu. Ikusiko dugu nola bukatzen den lehiaketa, baina bitartean guk jarraituko dugu lanean aurrera egiteko. Zer edo zer grabatu behar badugu hemendik hilabete batzuetara, proiektu ona eta osoa izateko.

Argoitz Lili: Diskoa grabatzea da gure helburu nagusia, baina ikusiko dugu.

Jon Ander Rodriguez: Bai, eta ahal bada kontzerturen batean jotzea.

Prest sentitzen zarete jotzeko zuzenean?

Jon Ander Rodriguez: Ez dakit, agian bai. 

Argoitz Lili: Nik uste dut zerbait gehiago egin behar dugula, eta egia esan, gaurko egoera aintzat hartuta, hori zaila izango da. Horrek guri emango digu aukera denbora gehiago izateko eta ondo prestatzeko, abesti gehiago sortzeko. Azken finean, emanaldi hobea egiteko. 

Nola bururatu zitzaizuen Hotzkai izena?

Argoitz Lili: Ikus dezakezunez, gure entsegu lokalean hozkailuz inguratuta gaude, biltegi bat delako. Hori da ikusten duguna hemen. Hotzkai hozkailu hitzaren laburpena da. Berez, ez dauka inongo zentzurik. 

"Hotzkai da hozkailu hitzaren laburpena, biltegi bat baita gure lokala"

Jon Ander Rodriguez: Erreferentzia egiten dio egon garen lokalari. 3 urte daramagu hemen.

Argoitz Lili: Eta beti izan dugu gauza bera aurrean (barreak). Izena entzun genuen eta ondo iruditu zitzaigun.

Julen Salgado: Badakigu hozkailu hitzak ez duela “t” bat, baina ez da akatsa. Nahita jarri genion indarra emateko. 

Egungo egoerak zailtzen du zuzenean jotzea. Uste duzue aukera izango duzuela epe motzean egiteko?

Jon Ander Rodriguez: Ez dakigu orain posible den. Gure asmoa da egitea, baina ahal den unean.

Argoitz Lili: Zaila da esatea. Ikusi beharko dugu hemendik aurrera nola egiten diren kontzertuak, nola antolatzen diren... Baina gu ez gara  ezagunak eta zaila izango da. Edonola ere, gu hor egongo gara eta norbait prest egonez gero, lanean jarraituko dugu. Epe motzean zaila ikusten dut egoeragatik. Gainera, uda horretarako aproposa da eta aurten ez dago jairik. Itxaron beharko dugu.

Amaitzeko, norbaitek interesa izango balu Hotzkai taldean, nola azalduko zeniokete egiten duzuena?

Argoitz Lili: Heavy metal taldea gara eta euskaraz abestea erabaki dugu, euskararen erabilera bultzatzeko. Ezin dugu askoz gehiago esan. Gure abestiek esan beharko dute dena. Ez daukagu misterio handirik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide