Laudioko Suhiltzaileek Maderas de Llodio enpresan esku hartu zuten atzo, eskorga batek sua hartu baitzuen. Larrialdi zerbitzuko arduradun batek azaldu du 18:30ean jaso zutela deia eta 5 minututan bertaratu zirela.
Antza, langile batek argitu zien makina asko berotu zela eta, bat-batean, sutea sortu zela. Erregaia zabaltzen hasi zenez, aparra erabili zuten. Izan ere, olio biltegia dago gertu.
"Edonola ere, makinan zegoen sua itzali genuen eta biltegiak ez zuen kalterik izan. Zorionez, enpresaren kanpoko aldean gertatu zen dena", adierazi du esku hartzearen arduradunak.