Egitarau berezia prestatzen ari dira Ugarteko jaiak ordezkatzeko

Txabi Alvarado Bañares 2020ko uzt. 9a, 06:00
Arrakastatsuak izan ziren iazko jaiak, antolatzaileen iritziz. / Aiaraldea.eus

Eguneko ekintza sorta bat adosten daude jai batzordeko kideak udalarekin, osasun neurriak betetzeko baliabideak eta aukerak dauden aztertuaz. 

Ugarteko jaiak ofizialki bertan behera geratu diren arren, auzoko jai batzordeko kideek ez diote lan egiteari utzi. Urrian hasi ziren aurtengo festen nondik norakoak zehazten. Martxoan bilera bat egin nahi zuten dena bideratzeko.

Hainbat ideia zituzten mahai gainean. “Herri kirolen desafio bat antolatzeko asmoa zegoen, eta mendi lasterketa bat sortzeko ideia ere planteatu zen”, azaldu dute, “baina koronabirusaren krisiaren ondorioz bertan behera utzi behar izan genuen dena”. Orain, jaien ordez egiteko eguneko ekintza sorta bat adosten daude udalarekin, osasun neurriak betetzeko baliabideak eta aukerak dauden aztertuaz. 

Iazko Ugarteko jaiak bereziak izan ziren, belaunaldi aldaketa eman zelako jai batzordean. “Ugarteko hainbat gazte batu ginen. Jai herrikoiak antolatzeko premia ikusten genuen. Auzolan elkarteko kideekin bildu ginen, ordura arteko jaien analisia egiteko. Eurekin harremana mantentzen jarraitzen dugu, jai parte-hartzaileagoak lortzeari begira”. Azaldu dutenez, Ugarten txikituz joan da jai herrikoien presentzia, “ekintza puntual batzuetan baino ez da egon, larunbateko bazkarian kasu”. Gauzak hala, bi helburu nagusi zehaztu zituzten batzorde berriko kideek: jaiak auzora gehiago bideratzea eta adin guztietarako egitaraua sortzea, gazteentzako deigarriagoa izango zena. 

Baina hori lortzera bidean traba handi bat izan zuten: denbora. “Ez genuen debora askorik izan eta nahiko estu ibili ginen”. Ez zituzten nahi zituzten aldaketa guztiak egiterik izan. “Aurreko programa hartu eta gauza batzuk aldatu baino ezin izan genituen egin”. Jaien aurreko asteak “zoramena” izan ziren, baina positiboki baloratu dute esperientzia. “Jendea oso pozik aritu zen, eta bizilagun ugarik esan ziguten aspaldi ez zela Ugartera horrenbeste jende gerturatzen”. 

Aldaketa horretan sakontzen jarraitzeko asmoa dute jai batzordeko kideek, eta auzoko gazte orori luzatu diote antolakuntzan aritzeko gonbita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide