Koronabirusak bete-betean jo du turismo sektorea, bai Aiaraldean eta baita hemendik kanpo ere. Izar Mendiguren Cosgaya horren lekuko izan da, zazpi egun igaro ditu Mallorcan, eta "jatetxe, taberna eta hotelen %70 itxita" topatu zituen, "negua gogorra izango dela zioten bertakoek oso kezkatuta".
Palma de Mallorcan lur hartu zuten, eta handik egin dituzte iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera ibilaldiak. Tramuntaña inguruak -mendialdeak- liluratu zuen bereziki, "mendiko herriak eta horien kaleak oso politak eta bereziak dira, Valldemosa kasu".
Sa Calobra eta Torrent de Pareis haitzen arteko kala du gogoan, baita Cala Tuent ere: "Azken hau Tramuntañaren magalean zegoen. Iristeko ez da erraza, eta horregatik jende gutxiko hondartza da. Txoko turistikoetatik urrunduta posible da jenderik gabeko kalak topatzea ere".
Sa Nautik Mitjanara oinez egin zuen zeharkaldia: "Ordubeteko paseoan arroka bideetatik paradisu txikira ailegatu ginen".
Herrien artean, Cala Figera ikustea ezinbestekotzat jo du, Mallorcara joanez gero. Handik gertu geratzen dira Drach kobazuloak, nahiz eta ez zituen bisitatu.
Horrez gain, Portocolm herriak Veneziaren kutsua du, "portuaren eta etxebizitzen konbinazioan bereziki".
Lurgainean adina bizitza dago uraren azpian, aitortu duenez. Hargatik, oso ohikoa da urpekaritzan ikustea jendea: "Hondartzatik oso gertu kolore guztietako arrainak topatu daitezke arroketan".