Sano erradikal argitaratu berri duzu, zein izan da prozesua?
Urte hauetan guztietan idazten jarraitu dut, azken liburua argitaratu nuenetik. Hasieratik poesia liburua egin nahi nuen horrela egituratura, jakinda zeri buruz nahi nuen hausnartzea. Zehazki, hauek dira olerkien azken labekada. Horiekin liburua osatu dut eta euskaraz eta Euskal Herrian argitaratzen duten argitaletxeetara bidali dut.
Noiz adostu zenuen Alberdaniarekin argitaratzea? COVIDaren agerpenak atzeratu du?
Bai, atzeratu da. Prozesua iaz hasi zen eta pandemia agertu zenean inprimategian zegoen liburua. Hortaz, itxialdian ere egon da, 3 hilabetez.
"Pandemia hasi zenean, liburua inprimategian zegoen. Hortaz, 3 hilabeteko itxialdian egon da"
Orduan Sano erradikal ez dauka zerikusirik pandemiarekin?
Ez, ez dauka harremanik. Iazko udan bazegoen eginda; udaberrian, hain zuzen. Hortaz, izenburuak edo liburuak berak ez dauka zerikusirik pandemiarekin ezta ez ohiko egoera honekin ere.
Olerkiak sortzerakoan, alde estetikoari ez diozu bakarrik erreparatzen, ezta?
Nik ardatz bat baino gehiago dut sortzerakoan. Horietako bat da bizi poza, aldarrikapena, mina, indarra, iraultzarako aldarria eta, nola ez, betiko gai unibertsalak, jakina: edertasuna, askatasuna, zapalkuntza ororen gaitzespena eta salaketa. Bizitza bera eta heriotza, finean.
Nondik ateratzen dira gai horiek?
Bizitzatik sortzen dira, esperientziatik, inguruan ditugunetatik, hausnarketatik, ikusten dudan horretatik... Egunerokotasunetik ere, jendearen harremanetatik ateratzen ditut nire hitzak.
Sorginak ere agertzen dira zure olerkietan, ezta?
Bai, hor konplizitatea dago. Oihu baten bidez adierazten dut eta hor dagoena da sororitatea, ahizpatasunari deia. Liburu osoan presente dago. Izan ere, emakumezko baten poeta ahotsa da.
Uztaila hasieran aurkeztu duzu liburua. Nolakoa izan zen aurkezpen hori?
Baldintzatuta egon zen egun bizi dugun egoera dela medio. Lokalaren edukiera mugatua zegoen. 10 edo 12 lagun gonbidatu ahal genituen askoz jota. Dena egin genuen maskara jarrita eta distantzia errespetatuta.
Hala ere, oso ondo egon zen. Oso polita izan zen eta ondo atera zen. Gero hamaiketakoa egin genuen Donostiako Alde Zaharreko Juantxu tabernan: pintxo batzuk, trago batzuk... Hor jarraitu genuen 12 horiek mahai pare baten bueltan eta oso goxoa izan zen. Pozik nago.
Liburu hau baino lehen zure lana aitortu dute ere. Nolakoa izan da zure ibilbidea?
Hau da argitaratu dudan hirugarren liburua. Aurrekoak sariketen bidez plazaratu nituen. Lehenengoa Arabako Foru Aldundiak antolatzen duen Ernestina de Champourcin poesia lehiaketa izan zen eta handik eta 3 edo 4 urtera irabazi nuen bigarrena, Irun Hiria literatura saria.
Horren ostean antologia batean jaso zituzten nire olerki batzuk eta Zurgai aldizkariak ere eskatu zidan zerbait idaztea.
"Alberdania argitaletxearentzat esker oneko hitzak besterik ez dut"
Sano erradikal liburuarekin, ordea, zuzenean argitaletxeekin harremanetan jartzea erabaki nuen, lehiaketetatik pasa gabe. Zentzu horretan, Alberdaniarentzat esker oneko hitzik besterik ez dut.
Hasieratik jarri ziren eurak harremanetan nirekin, eta prestutasun osoa erakutsi zuten. Esan zidaten orokorrean poesia ez zutela argitaratzen, baina liburu honekin salbuespena egingo zutela. Interes handia zuten liburuan eta horrela izan da.
Prozesua luzea izan da eta lana bada, baina oso gustura eta babestua sentitu naiz. Azpimarratzekoa da zein ondo konpondu garen.
Azaldu zizuten zergatik zeuden prest salbuespena egiteko?
Edukiagatik eta liburuagatik beragatik. Aurkeztu nienean harrituta geratu omen ziren zein argi neukan dena eta zer nahi nuen eta nola.
Zein da zure ustez Sano erradikal liburua gogoko izango duen irakurlea?
Duela gutxi gertatu zaidana kontatuko dizut. Joan nintzen egunkariak erostera betiko kioskora eta bertako saltzaileak esan zidan: “Isa, erosi dut zure liburua eta atzo irakurri nuen. Osorik egin dut eta orain patxadaz eta astiroago egingo dut”.
Hor zuen liburua markekin eta azaldu zidan zein poema izan zituen gogoko. Hori oso polita da eta asebetetzen nau goitik behera. Aitortu zidan poesia liburu bakarra ere ez zuela irakurri bizitza osoan, ezta gazteleraz ere. Inoiz ez.
Liburuari esker goizeko 9:00etan aritu nintzen 10 minutuz poesiari buruz hitz egiten.
Olerkia gutxiengo baten generoa bada, euskarazko olerkia are gehiago. Orduan, zer gertatu behar da egilea pozik egoteko?
Jendeak irakurtzea eta edertasun hori harrapatzea eta barrutik zerbait mugitzea: irria, malko bat, edo amorrua piztea. Sentipenak sortzea eta iraultzea. Hori da.
Zer jende motari bideratuta dagoen? Edozeini. Jakin-mina duenari, sentsibilitate apur bat...
Hemendik aurrera liburu aurkezpenak egiteko aukera izango duzu?
Oraindik ez dut ezer lotu, baina aukera dago. Nahiko nuke liburua aurkeztea, adibidez, Aiaraldea Ekintzen Faktorian, nire herrian bertan. Beste aurkezpen bat egin nahi dut Oreretako Mirentxu liburu-dendan; txikia eta polita da eta hor erosten ditut nik liburuak. Zerbait polita eta kuttuna prestatuko dut hor.
Horrez gain, datorrena. Errezitaldiak egiteko gogoak ere baditut.