Kultur sorkuntza Aiaraldean

Euskalduna Jauregian aurkeztuko du Antonio Oyarzabalek bere hirugarren diskoa izango dena

Txabi Alvarado Bañares 2020ko uzt. 20a, 07:10

Antonio Oyarzabal, Laudion eskainitako emanaldi batean. / Aitor Burgoa

Emakume konposatzaile ugariren piezak bildu ditu piano-jole laudioarrak. Abuztua amaieran grabatuko du diskoa. 

Kontzertua eskainiko du Antonio Oyarzabalek Euskalduna Jauregian datorren abuztuaren 2an. Emanaldi berezia izango da, hainbat arrazoi medio. Alde batetik, piano-jole laudioarrak bertan bakarlari gisa joko duen lehen aldia izango da. “Oso aukera berezia izango da nire karreran”, azaldu dio Oyarzabalek Aiaraldea hedabideari, “bizi dugun egoeragatik kontzertuak bertan behera uzten egon ostean, zoragarria da agertokietara itzultzeko aukera izatea. Baina, gainera, izugarria da nire musika konpartitzeko aukera hau etxean izatea, nire lurraldean eta nire jendearentzako”. Gauzak hala, aukera hori “erantzukizun handikoa” dela nabarmendu du musikariak, “baina luxua ere bada”. 

Gainera, emanaldiak badu beste berezitasun bat. La musa olvidada du izenburu, eta ez da kasualitatea, titulu hori baitauka Oyarzabalek esku artean duen proiektu berriak. Euskaldunako Jauregiko saioa “aurrerapena” izango dela jakinarazi du piano-joleak. 

Urtebeteko lana

Urtebete darama Oyarzabalek proiektu horretan buru-belarri lanean, “prestaketa, ikerketa eta maitasun askorekin”. Emakume konposatzaileen pianorako piezak berreskuratzean datza Oyarzabalen egitasmoa. “Beti izan dut pianorako errepertorio ezezagunagoarekiko interesa. Emakume konposatzaile batzuek idatzitako pieza batzuk medio hasi nintzen ideiari forma ematen”. Aiaraldeko musikariaren hitzetan, errepertorio hori “itzalera baztertua egon da, modu bidegabean”. Gauzak hala, ikerkuntza lan sakona burutu du. “Asko irakurri dut, partiturak berreskuratu egin ditut munduko hainbat liburutegietako funtsetatik, konposatzaileetako baten biografien egileekin jarri naiz harremanetan... segituan jaio zen gaiarekiko pasioa”. 

Modu horretan, “harribitxi txikiez osatutako programa ederra” osatu du. Bere ustez, pieza horiek “askoz sarriago” egon beharko lirateke kontzertuetako programetan. 

Diskoa, abuztu amaieran

Disko bat grabatuko du Oyarzabalek bildutako pieza guztiekin, bere karrerako hirugarrena. Apirilean grabatzea zen hasierako plana, baina konfinamenduaren ondorioz ezin izan zuten egin. Abuztuaren amaieran grabatzea da asmoa, “dena ondo badoa”. Ibs Classical diskoetxeak plazaratuko du. “Oraindik goiz da esateko, baina asko gustatuko litzaidake Euskadin aurkeztea”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide