Aretako Jai Batzordeak oharra plazaratu du aurten jairik antolatuko ez dutela gogorarazteko. “Heltzear dago uztailaren 26a, Santa Ana, aretarrontzat data esanguratsua”, azaldu dute, “2020 honetan, aurretik esan bezala eta COVID-19ak sortutako egoera dela eta, Aretako Jaiak 2020 bertan behera uztea erabaki dugu”.
“Erabaki onena” izan dela argudiatu dute batzordeko kideek: “irizpide bera mantentzen dugu era formal zein informalean parte hartzea sustatzen duten ekitaldi eta ekintzarik ez ospatzearen inguruan”.
Udalaren ekintzak
Jai batzordeko kideek aipatu dute udalak hainbat ekintza egingo dituela jaien datetan, “uda dinamizatzeko”. Baina gogorarazi dute jai batzordeak ez duela ekintzarik egingo eta “garbitasun neurriak zein segurtasun distantziak” mantentzeko deia luzatu diete herritarrei.
Ospatzeko deia
Hala ere, jaiak ospatzeko gonbita luzatu dute batzordeko kideek: "Asteburuan zuen balkoi eta leihoetan Aretako bandera jartzera animatu nahi zaituztegu, intimitatean elkartu eta 'aretakoak' bezala bereizten gaituenagatik (jaiak, Santa Ana, Errepublika, independentzia, familia, lagunak... ) topa egitera”.