Udaz blai

Skate Park: udako plana hainbat gazterentzat

Aitor Aspuru Saez 2020ko uzt. 30a, 09:30

Laudioko skate parkea gainezka dabil berriro udan. Hainbat gazte itzuli dira azpiegiturara bere aspaldiko zaletasuna gozatzeko aire librean.

Isiltasuna 3 hilabetez nagusitu eta gero skate parkean, zarata itzuli da lekura: skate eta patinen gurpilena, gazteena hitz egiten, musika doinuak eta, noizean behin, kolperen batek eragiten dituen harridura eta min hotsak.

Sergio Gonzalezek duela 10 urte ekin zion skatean aritzeari eta ez du inoiz taula utzi. "Itxialdiaren ostean asko itzuli gara skate parkera. Batzuk 3 hilabeteko etenaldiaren ostean, eta beste asko aspaldiko partez".

Garazi de la Torrek uste du 3 hilabetez etxean egon eta gero, aire librean kirola egitea izugarri eskertzen dela eta horregatik dagoela hain bizirik Lamuza parkeko txoko hori. De la Torre duela gutxi hasi da bere roll patinekin joaten, eta pozik dabil: "Berria naiz eta giro bikaina dago. Bi neska gaude hemen patinatzen, gehienak mutilak dira, baina errespetu handiz tratatzen naute eta ikasten lagundu naute. Hasieran, nahiz eta patinatzen jakin, beldurra ematen zidan leku garaietara igotzeak, eta noizbait eskutik helduta egin dut".

Horrela, nahiko gazte biltzen dira skate parkearen inguruan, aitortu duenez. Batzuk euren taula edo roll patinekin gora eta behera aritzen dira, itzulipurdi harrigarriak egiten. Beste batzuek publiko moduan igarotzen dute denbora. Edonola ere, badaude ume ugari. Sergio Gonzalezek uste du guztiek dutela eskubidea erabiltzeko, "baina pedagogia egin beharra dago gurasoekin. Skate edo rolla arriskutsua izan daiteke guretzat, helduak garela, hortaz, gurasoak geratu egin behar dira umeekin".

Izan ere, jendetza batzen denean aldapen artean, txikienen presentzia arriskutsua bilakatu daiteke ez badaude kontrolaturik. "Batzuetan haurrak erdian sartzen dira eta talka egiten dugu eurekin, edo hori ekiditeko gu gara kolpea hartzen dugunak", argitu du Gonzalezek.

Mantenu beharra

Kirol gunean praktikatzen dutenek estimatzen dute Laudioko skate parkea baina, euren aburuz, hobetzeko modua dago; "txikia denez, berehala betetzen dugu."

Horrez gain, azpiegitura zaharrak direnez ez dira mantenu lanak egin, eta horrek patinatzaileen kezka piztu du: "Kanpotik itxura ona dute, hori ukaezina da, baina ez dakigu barrutik nola dauden. Ez dakigu noizbait azpiegituren barruan bukatuko dugun torlojuak apurtu direlako".

Horri gehitu behar zaio zuhaitzak nabarmen hazi direla. Ondorioz, adarrak patinatzaileen ibilbidean sartzen dira, edo pistara erori; eta putzuak sortzen dituzte. 

Maskara gora eta behera

Muxukoa eztabaidagaia da kirolarien artean ere. Alde batetik, ez dute legea urratzen, skate eta rolla norbanako praktika baita. Hala ere, batzuek jartzen dute, baina gehienek ez, Sergio Gonzalezek azaldu duenez: "Udan bero ikaragarria egiten du eta maskarak ez digu uzten arnasa hartzen. Hori gutxi balitz, ariketa baten erdian maskara begietara igotzen bazaizu, istripua izan dezakezu. Hasieran saiatu ginen jartzen, baina ezinezkoa da".

Amurrioko skate parkea

Laudion ez ezik, Amurrion eta Urduñan ere skate parkeak daude. Hara joaten diren galdetuta, ezetz erantzun dute: "Gehienbat gazte bat dabil hortik BMX bizikletarekin, baina berak beste herri batzuetan dauden pistetara jotzen du. Alegia, oro har, guk ere Txurdinagara edo Basaurira jotzen dugu patinatzera, han leku gehiago baitago".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide