ERREPORTAJEA

APPak, norbere ibilbideak eta indarrak neurtzeko lagungarri

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abu. 25a, 07:21

APPak oso lagungarriak izan daitezke kirola egiteko. / Stocksnap

Interneteko aplikazio ugari balia daitezke norbere zeharkaldiak gordetzeko edota emaitzak aztertzeko. Ivan Rotaetxek azaldu ditu horietako batzuk.

Zertan aldatu dute gure bizitza teknologia berriek? Komunikatzeko ez ezik, kirolerako ere zinez baliagarriak dira. “Kirol arloan ere teknologien eragina nabaritu da”, dio Ivan Rotaetxek, “gaur egun kirolari gehienek darabilte sakelako telefonoa ekintzak planifikatu, partekatu eta aztertzeko”. Bost aplikazio edo programa nabarmendu ditu laudioarrak: Wikiloc, Oruxmaps, Garmin Connect, Strava eta Safe365. 

Bost aplikazio

Wikilocen bidez ibilbideak bilatu eta partekatzen dira, esaterako. Telefonoari GPS ezarpena jarrita, zure ibilbidearen gainean marraz dezakezu mapa: “Filtro anitzak ditu nahi duzun ibilbidea erraz topatzeko. Interneten dagoen ibilbide bilduma handiena du”. Desabantailen artean, funtzio onenak ordainpekoak direla dio, GPS arrastoa jarraitzearena kasu. Oruxmaps, aldiz, kokapen eta ibilbidearen jarraipenerako tresna apartekotzat du Rotaetxek. “GPS arrastoak jarraitu, grabatu eta nahi dituzun mapak erabiltzeko aukera du; iparrorratz funtzioa...”. Dena den, egindako ibilbidearen datu guztien bilketagatik du gogoko aitortu duenez, "kilometroak, metatutako altuera, denbora... Eta beste hainbeste informazio eskaintzen baititu". Erlojua da,  telefonoaz gain, jardueren jarraipenerako tresnarik erabiliena. "Gehienek Garmin etxekoa erosten dute. Aplikazio honek erlojuarekin sinkronizatzen dut telefonoa, eta egindako ekintzaren datu guztiak erakusten ditu: distantziak, denborak, altuerak, bihotzeko frekuentziak, lo egindako orduak... entrenamenduak planifikatzeko oso aproposa da, eta geolokalizazio aukera ere ematen du, beste gauza batzuen artean". 

Edozelan ere, geolokalizazioari dagokionean Safe365 programa gomendatzen du aiaraldearrak, mendian bakarrik ibiltzen direnentzat aproposa delakoan: "Larrialdi zerbitzuekin botoi bakarrari emanda konektatzen zaitu, eta nahi duzun pertsonak non zauden jakin dezake uneoro". Istripuren bat izatekotan klik bakarrean lagundu zaitzakete larrialdi zerbitzuek, zure kokapenaren berri baitaukate. 

Azkenik, Strava aplikazioaren abantailak eman ditu aditzera kirolzaleak, konparaketara bideratutako programa. "Norberaren jarduna beste kirolari batzuenarekin konparatzeko sortu zen, baina gure aurreko saioekin alderatzeko ere balio du. Ibilbideak egiten emandako denborari ematen dio garrantzia, sailkapenak sortuz erabiltzaileen artean. Entrenamenduen eboluzioa aztertzeko aplikazio ona da, eta lehiaketa digital baten antzekoa".

Teknologiak, lagungarri

Kirola bizitzeko moduaz galdetuta, teknologiak lagungarri izan daitezkeela iritzi du Rotaetxek, "informazio mordoa eskuratu dezakegu eta horrela errazagoa da jakitea norbere sasoiaren egoera, edo zertan hobe dezakegun. Gure gizarteak geroz eta garrantzia gehiago ematen dio bizimodu osasungarriari, eta geroz eta aplikazio gehiago daude kirol jarduerekin zerikusia dutenak". 

Aplikazioei esker ibilbide asko daude eskura, Rotaetxeren iritziz, eta horrek toki berriak ezagutzeko erraztasuna ematen du, "baina kontuz ibili beharra dago, ibilbideek ez dute kontrolik pasatzen, eta gerta daiteke sorpresak topatzea, esaterako, bide itxi batetik igaro beharra". Alde txarren artean, berriz, estutasuna aipatu du, lehiakortasuna sustatzen baitute teknologiek, edota osasuna konplikatu: "Askok denborarik onena lortzeko euren gaitasunen gainetiko ahaleginak egiten dituzte, eta osasuna arriskuan jartzen dute. Stravaren kasua da hori, batez ere". Internetek kirola ere goitik behera irauli duela uste du: "Orain askoz errazagoa da bilatzea kirola egiteko lagunak, probak edota entrenamenduei buruzko informazioa". 

Bestalde, sare sozialek burua erakusleiho bihurtu dute, eta inkontzienteki bada ere, gure ekintzak partekatzeko ohitura hartu dugu, ahal dela ekintza interesgarrienak. Horrek kirol ekintza geroz eta gogorragoak egitera bultzatzen gaitu, motibatu arren". Autokritika egin du zentzu horretan, "lehen ihesbidetzat genuen kirola, eta orain ez gara ohartzen teknologiei lotuta egiteak, ez digula guztiz deskonektatzen laguntzen. Teknologiak geratzeko etorri dira, beraz, ohitu egin beharko gara, bere onura zein ondorioekin. Bakoitzak hartu beharko dio neurria".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide