Ia urtebete igaro da Laudioko Udal Hiltegia behin behinean itxi zutenetik, Nerbioi ibaian agertutako odol isurketa bat dela eta. Hilabete batzuk eman zituen geldirik, eta udazkenean jarri zen berriro abian azpiegitura.
Baina ordutik hona hainbat gorabehera bizi izan dira hiltegiaren barruan, hedabideetara salto egin gabe. Hala jakinarazi dute bertako langileek.
Salaketa prozesua
“Itxiera jazo zenean bidezko kaleratzeak sinatu genituen, hori baitzen, abokatuaren eta gerentearen arabera, gauzak bideratzeko modu bakarra. Guk gure borondate onenarekin egin genuen, hiltegia ahalik eta lasterren berriz irekita ikusteko helburuarekin”, azaldu diote Aiaraldea hedabideari.
Hala ere, salaketa bat jarri zuten, euren lan-eskubideak babesteko. “Salaketa horren helburua gure lan-baldintzak babestea zen. Izan ere, urtarrilean berriz esleitu behar zen hiltegiaren kudeaketa, eta kudeatzaile berriek gu berronartzea nahi genuen, ordura arteko baldintzak eta antzinatasuna mantenduta”.
Nabarmendu dutenez, Emusango (hiltegia kudeatzen duen enpresa) gerentea ere langileekin lerrokatu zen eta bat egin zuen salaketarekin, “esleipena galtzen bazuen bera ere babestua egoteko modua zelako”.
Alabaina, hiltegia berriz irekitzeko obrak urtarrila baino lehenago amaitu ziren. “Orduan berak esan zigun salaketa kendu behar genuela, berak langile guztiak baldintza berdinetan kontratatuko zituelako. Guk baietz esan genuen, baina salaketa mantendu genuen, idatzita geratu zedin. Hor hasi ziren arazoak”.
“Behin behineko kontratu batetik bestera egon naiz 2011tik hona”
Kaleratzeak
Gutun bat bidali zien gerenteak langileei, lanera itzultzeko gonbita luzatuz, “baina langileetako bi ez zituen onartu, kalean utzi zituen”, salatu dute beharginek, eta azpimarratu dute enpresak bost langile berri kontratatu zituela.
Erantsi dutenez, horietako batek baino ez zuen aurretiazko esperientzia hiltegi batean, “gainontzekoek ez zuten inolako ezagutzarik”.
Kaleratutako langileetako bat, idazkaria, antzinatasun handiena zuen behargina zen. “Berak kaleratzea onartu zuen, gerentearekin akordioa lortuta”. Kaleratutako beste langileak, aldiz, ez zuen akordiorik onartu. Hiltegian denbora gehien zeraman behargina zen, baina ez iraupen luzeena zuena. “Behin behineko kontratu batetik bestera egon naiz 2011tik hona”, azaldu du, “nik nahi dudan gauza bakarra nire lanpostua mantentzea da”.
Beharginen arabera, gerenteak ez du bi langile horiek zergatik kaleratu zituen azaldu. Euren ustez, “mendekua” dago erabakiaren atzean. “Salaketa kentzeko esaten zigun berak, denak berronartuko gintuelako, baina hori gezurra zen. Kostuak aurreztea zen nahi zuena, salaketa gabe berak nahi zuena kaleratzeko aukera izateko”.
Urtarrilean gerenteak akordioa erdietsi zuen berronartuak izan ziren langileekin baina, eurek salatu dutenez, akordio hori ez dago beteta oraindik.
“Ekainaren 30an gerenteak esan zidan kaleratu egingo ninduela. Lan falta argudiatu zuen ofizialki, baina niri esan zidan gure abokatuak 'gauzak nahasten' zegoelako hartu zuela erabakia”
Beste kaleratze bat
Berronartua izan zen langileetako batek, gainera, ez du asko iraun, udan kaleratu baitute. “Ia sei urte neramatzan bertan lan egiten. Martxoan lanera sartu nintzen berriz, ordura arte bajan nengoelako”, oroitu du, “ekainaren 30an gerenteak esan zidan kaleratu egingo ninduela. Lan falta argudiatu zuen ofizialki, baina niri esan zidan gure abokatuak 'gauzak nahasten' zegoelako hartu zuela erabakia”.
Azaldu duenez, ez da egia koronabirusagatik ekoizpena txikitu dela, “hiltegia lanean egon baita uneoro eta, berez, lan gehiago egon da konfinamendu garaian”.
Sei urteko ibilbidearen ostean jasotako “finikitoa” ere aipatu du: “94 euro eman zizkidan”.
Langile horrek ez zuen kaleratzea sinatu ezta dirua onartu. Gauzak hala, epaiketen zain daude bi beharginak, iragan udazkenean berronartua izan ez zena eta ekainean kaleratu zutena. “Irailaren 9an izango da lehen epaiketa. Kaleratzea bertan behera uztea nahi dugu”.
Aipatu bezala, urtarrilean zen ateratzekoa hiltegiaren kudeaketaren esleipen berria, baina atzeratu egin da, eta orain arteko kudeatzaileari urtebete gehiago luzatu diote kontratua, beharginek azaldu dutenez.
“Guk beti nahi izan dugu gauzak elkarrizketa bidez konpontzea. Inor ez da gugatik kezkatu. Abeltzainek hiltegia irekita dute, udalak lokala martxan du, eta kudeatzailea nahi duena egiten ari da”.
Aiaraldea Hedabidea enpresako gerentearekin jarri da harremanetan gaiaz galdetzeko eta honek adierazi du laster erantzungo duela.