Turismoaren alorrean Laudiok jasaten duen “gutxiespena” salatu du Omniak

Txabi Alvarado Bañares 2020ko uzt. 31a, 16:29
Omniako kideak artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Mozioa aurkeztu zuen alderdi laudioarrak Udal Osoko Bilkuran, baina ez zen aurrera atera. 

Mozio bat aurkeztu zuen Omniak aste honetan eginiko Udal Osoko Bilkuran, Foru Aldundiak eginiko turismoari buruzko bideo batean Aiarako Kuadrilla eta Laudio behin ere ez agertzen ez direla salatzeko. Alderdi laudioarrak nabarmendu du hori ez dela “txikikeria”, segida baten azken gertakaria baizik. “Udalean lanean hasi ginenetik turismoa izan da gure udalerriaren oztopo nagusienetako bat”, azaldu du talde politikoak, kanpora begira herria “erabat ikusezina” dela nabarmenduta. “Ez dugu turismo bulegorik -orri batzuetan bertako kontaktuak oraindik agertzen diren arren-, Aiaraturrek urteak daramatza desagertuta eta, hori gutxi balitz, gutxiespen honekin egiten dugu topo Aldundiaren partetik”.  

Omniak azaldu du Alavaturismo.eus atarian Laudio oso gutxitan agertzen dela, eta are gutxiago bideo edo eskuorrietan. EH Bilduri eskerrak eman dizkio Omniak, mozioa adosteko erakutsitako prestutasunagatik. Alabaina, EAJ eta PSE-EEren jarrera gogor kritikatu du eragileak, bi alderdiek mozio alternatiboa plazaratu baitzuten eta, Omniaren aburuz, testu horretan ontzat ematen da ordura arte eginiko lana. Gauzak hala, udal gobernuko kideek “alderdiak herriaren gainetik” jarri dituztela uste du Omniak. Era berean, plenoan entzundako argudio batzuei erantzun diete oharrean: “Laudiori iragan legealdian zehar Aldundiak turismoari lotutako ekintzetarako 300.000 euro eman zizkiola entzun genuen plenoan, baina Arabako iazko aurrekontua 32,5 milioi eurokoa zen alor horretan”. 

Egoera ikusita, euren mozioa erretiratzea erabaki zuen Omniak, bestela, bozketa egiten bazen, PSE-EE eta EAJren mozio alternatiboa onartuko zelako. “Asteleheneko plenoan batzuk Laudio defendatzen aritu ginen. Beste batzuk, aldiz, Aldundia eta Cristina Gonzalez defendatu zituzten”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide