Atzo -abuztuak 1- hil zen Witxi, Iñaki Garcia Cruz laudioarra. Azken hilabeteak gaixorik eman ondoren, atzo eman zuen azken arnasa, eta albistea berehala zabaldu zen Aiaraldean. Izan ere, Witxi aski ezaguna zen herri mugimenduetan.
Bere presentzia nabaria izan zen hainbat gatazka eta borroketan: Aceros enpresa itxi zutenean, barrikadetan aritzen zenetako bat zen, eta Jarrain, Laudioko Gazte Asanbladan eta Gaztetxean ere militatu zuen 90eko hamarkadan.
(90eko hamarkadan Laudioko Gazte Asanbladak eskainitako prentsaurrekoan)
Berez, jarduera politikoak espetxera eraman zuen 1997an, “kale borrokan” parte hartzea leporatuta. Hain zuzen, Aitor Goikoetxea lagunak garai horiek oroitu ditu sare sozialetan: “25 urte pasatu dira Carabanchel espetxe zulo hartan sartu gintuztenetik, eta han ere erakutsi zenidan zer nolako pertsona izan zaren beti. Buru makur nenbilen denbora guztian eta zu beti niri animoak altxatu nahian, jo eta su. Gure abokatua (…) egoera zein zen azaltzera etorri zenean, guztiz hautsita gelditu nintzen, baina hor zinen, minutu edo orduak iraun zituzten nire negar eta inpotentzia guztiak baretzeko, zure hitzen eta besarkaden bitartez, beti bezala!”.
Beste lagun batek, Eneko Basterrak, honakoa oroitu du: “Witxi borrokalaria zen. Bizitzako zenbait egoera direla medio, beti egokitu zitzaion borrokatzea, bai bizipen gogorrak gainditzeko, zein herri honen askatasunaren alde. Une txarrenetan ere irribarrea zuen aurpegian eta txantxaren bat, guztiok lasaitzeko eta esateko: “ala, Witxi”. Parrandaren zale amorratua izanik, beti egon zen prest laguntzeko eta militatzeko”.
Kartzelatik atera eta gero, militatzen jarraitu zuen, besteak beste, internazionalismoan Askapenaren bidez, edo Uhinak Irratian. Eskualdeko irrati libreak ere mezua zabaldu du azpimarratzeko proiektuan garrantzia izan zuela. Irratikide batzuek gogoratu dute software askeko jarraitzaile sutsua zela, adibidez.
(Uhinak Irratiko kartela jartzen hedabideko egoitzan Alfredo Remirez eta Mario Corral "Peru" proiektukideekin)
Alfredo Remirez garaiko irratikideak honakoa idatzi du Instagramen: “zenbatetan elkar, batzutan ados, bestetan ez, baina batera beti. Nola ahaztu elkarrekin montatutako txosnak guztiak, asanblada, bidaia, pankarta eta irratsaio?”.
Tabernetan ibiltzea gogoko zuenez ere, han hutsunea utzi du. Ederki tabernak, esaterako, mezua idatzi du bere Facebook orrian adierazteko: “Zenbat solasaldi izan ditugun azken hilabeteotan tabernako barran. Pena handia, lagun. Goian bego”.
Jaiaren esparruan, azken urteotan Kun Kun Batukadan parte hartu zuen, ospakizunak girotzen.
Edonola ere, adiskideek bereziki goraipatu dute bere izaera. Mario Corralek horrela deskribatu du: “Bihotz handiko laguna, borrokalari solidario, salsero gaupasero, bere etxea beti zabalik eta besoak irekita, besarkadak emateko beti prest. Ez da joan, gure bihotzetan bizirik egongo da beti”.
Antzeko ideia jaso du Irati Mendigurenek sare sozialetan zabaldutako argitalpenean:
“Langile nekaezina
Umiltasunaren eredu garbia
Bidea ekinez egiten dela argi duen horietakoa
Gorputzean kabitu ezineko
bihotz erraldoi baten jabea
Erraz ahaztuko ez dugun
militante eta bidelagun ukaezina
berezia, zoragarria
...
Bizitzan badira marka uzten duten pertsonak
eta horietako bat zara zu, Witxi!”