Laudioko udal hitzarmenaren desadostasunak sindikatuen artean: bi eskalako soldatak?

Aitor Aspuru Saez 2020ko abu. 5a, 08:00

Laudioko udal langileen mobilizazio baten irudia. / Aiaraldea.eus

Ekainaren hasieran ELA sindikatuak Laudioko Udaleko lan hitzarmena sinatu zuen eta LABek uko egin zion sinatzeari. Zenbait hobekuntza jasotzen diren arren, LABek dio marra gorri batzuk gainditu direla eta ezin duela bat egin horrekin.

Osasun larrialdiak iraun zuen bitartean Laudioko Udalak eta sindikatuek negoziazioa abiatu zuten lan hitzarmen berria sinatzeko, 2020-2023 urteen artekoa, alegia. Ekainaren hasieran LAB erakundeak iragarri zuen ez zuela sinatuko zenbait desadostasun zirela medio.

Izan ere, nahiz eta, LABen aburuz, hobekuntzak dauden lan hitzarmen berrian, marra gorri batzuk zeharkatu dira. Horien artean, bat prozedurari dagokio. LABek eskatu zuen akordioa sinatu baino lehen langile batzarra deitzea guztien artean erabakitzeko, orain arte egin den bezala.

Hala ere, gairik korapilatsuena soldata eskala bikoitzari buruzkoa da. Berez, LABek argudiatzen du iraungi berri den hitzarmenean zeuden langile guztiek kobratuko dutela gehigarria soldatan, baina etorkizuneko langileek ez dutela jasoko. Hortaz, sindikatuaren ustez, soldata eskala bikoitza ezartzen da.

EAJren azalpena

Egungo udal gobernu taldeak aitortu du horrela izango dela, baina aurreko gobernuari leporatzen dio horren ardura. Ander Larrinaga alkateordeak hala azaldu zuen prentsaurreko batean: "EH Bilduk Espainiar Gobernuak ezarritako mugen gainetik igo zien soldata 2015-2019 urteetn arteko hitzarmenean udal langileei eta, ondorioz, hori legez kontrakoa da. Carlos Urquijo Gobernuko ordezkaria zenean helegitea jarri zuen, adibidez. Beharginek gaitasun ekonomikoa galdu ez dezaten, gehigarri pertsonala negoziatu dugu. Hala ere, gehigarri hori aurreko lan hitzarmenaren barruan zeudenek izango dute bakarrik".

ELAk, bere aldetik, Aiaraldea Hedabideari jakinarazi zion langileen sekzioak batzarrean erabaki zuela adierazpenik ez egitea udal hitzarmenari buruz.

Marra gorriak eta hobekuntzak

Edonola ere, LAB sindikatuak oztopo gehiago aipatu ditu hitzarmena sinatzeko. Esaterako, aparteko orduen ordainketaren kontra agertu da, horrek enplegua sortzen ez duelako. Horrez gain, sindikatuak erantsi du 2020an %2an igoko zaiela soldata, baina hurrengo urteetan gobernu zentralak agintzen duena beteko dela. Hortaz, murrizketak egoteko atea zabalik dago, %1eko igoera finko egin ordez, LABek egiten zuen moduan.

Hala eta guztiz ere, sindikatuk onartu du hobekuntza batzuk ere adostu dituztela ELAk eta udal gobernu taldeak. Aldez aurretik erretiratzen direnek 5 eguneko baimena izango dute, larrialdiak 00:00etatik aurrera dituztenek hurrengo txandan libratzeko aukera izango dute eta, senide bat hilko balitz, egun bat izango lukete libre langileek, besteak beste.

Oposizioak

Udal hitzarmenean desadostasunak izan badituzte ere, LABek adierazi du oposizioen oinarrien negoziazioan elkarrekin joateko lan egingo dutela sindikatuek. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide