Laudioko Udalak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean bideoa aurkezteko. Ikus-entzunezko horretan hainbat herritarrek parte hartu dute, jendeak zuhurtasunez jokatu dezan San Roke datetan.
Izan ere, Udal Gobernu Taldeak azaldu du mingarria izan zela jaiak bertan behera uztea: "baina etorkizunean jaiak egon daitezen, aurten ezin dira ospatu".
Bideoa jaietako lantaldeko ideia izan da eta Laudioko Udalak azkenaldian zabaldu dituen mezuekin bat dator. Sare sozialetan erakutsi ez ezik, ostiraletako zinema emankizunetan ere proiektatuko dute.
Udalaren ustez, "bideoak sanrokeen izaera islatzen du, baita laudioartasuna ere". Horretarako, herriko sektore anitzeko herritarrak agertzen dira, ahalik eta jende gehien konturatu dadin COVID-19 birusaren zabalpena ekidin behar dela.