IBILIAN

Ermualde: natura eta ondarez betetako “parke tematikoa”

Txabi Alvarado Bañares 2020ko abu. 15a, 08:00

Ermualde “parke tematiko” baten modukoa da, Sergio Escribanoren arabera. Arkeologo laudioarraren hitzetan, mota askotako harribitxiak topatu daitezke zonalde horretan, oso urrutira joan gabe. 

Berarekin igo gara. Hainbat bide daude Ermualdera iristeko, baina Errekabidetakoa probatzea gomendatu digu (Ugartetik gora doana, aldapa hasi baino lehen eskumara desbideratuta). “Biderik politenetako bat da, eta berritua dago gainera”. 

Ermu Andra Mariko santutegira iritsi baino lehen topatuko ditugu zonaldeko lehen harribitxiak: karobia edota burdin bila ingelesek XIX. mendean eginiko zuloa kasu. Ermualdeko paisaia oso naturala dirudien arren, gizakiagatik erabat eraldatua dago. “Gaztainondoak, adibidez, gaztainak ustiatzeko landatu ziren”, azaldu du Escribanok, “Europa osora eramaten ziren hemengo gaztainak, Ingalaterrara edota Herbeheretara kasu”. 

Felix Mugurutza ikerlariak asko aztertu du gaia. Bere hitzetan, Aiaraldeko gaztainak ez ziren elikagai gisa soilik erabiltzen: “azalak arropa tindatzeko balio zuten”. Horregatik zuen horrenbesteko garrantzia produktuak Europan. 

Behin santutegira iritsita, hainbat aukera ditugu. Kafe edo mokadu bat hartu dezakegu aterpean dagoen jatetxean. Oraindik indarrak baditugu, ordea, gora jo dezakegu, Guda Zibileko Burdin hesiaren aztarnak ikustera. Ibilbide osoa seinaleztatuta dago, eta aztarna ikusgarri andana topatu daitezke, lubaki zein metrailadore-hobiak kasu. Bidean aurrera joanda, Kastillozarreko tontorreraino iritsi gaitezke, karlisten gotorleku baten aztarnak ikusteko. Ondoren, berriz jaisterakoan, bidetik desbideratu gaitezke, San Antonioko guruztokitik gertu dagoen elurzuloraino. 

Aipatutakoak zonaldean topatu daitezkeen gauza guztien lagin bat baino ez dira. Irakurleari dagokio orain gainontzekoak bilatzea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide