Anbulatorio aurrean obrak abiatu ditu Laudioko Udalak aste honetan. Lan horien helburua bide bat eraikitzea da. "Orain arte anbulantziak espaloian aparkatu behar ziren eta herritarrek errepidean bertan gelditu behar zituzten euren autoak gaixoak utzi edo jasotzeko. Bidearen helburua da jendeak erabiltzea, trafikoan edo oinezkoen ibilbidean eragozpenik sortu gabe", azaldu du Joseba Amondo alkateaordeak.
Azpiegitura berriak Zumalakarregi etorbidea eta errotonda lotuko ditu. Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du obra txikien esparruan eta, ondorioz, 35.000 euro baino gutxiagoko gastua eragingo dio tokiko erakundeari.
Amondok erantsi du Osakidetzak bide berria baliatu dezakeela etorkizunean inguru horretan COVID-19ko larrialdien aurrean PCR probak egiteko edo "gune zikina" ezartzeko. Hala ere, Amondok gehitu du hori osasun sistema publikoaren eskumena dela: "Gu bidea egitera mugatuko gara eta irailaren 15ean amaitzea espero dugu".