Iraileko hirugarren asteburuan izan ohi dira Laudioko Latiorro auzoko jaiak. Beste toki gehienetan bezala, ordea, aurtengo ekintzak bertan behera utzi dituzte koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz. "Egun bereziak izango dira, noski. Osasuna eta kaleak betetzea bateraezina bihurtu den garai hauetan, auzoko bazterrak betetzeko modu berriak bilatu behar ditugu. Tokiko merkataritza eta ostalaritzaren hautua egin dezazuen eskatu nahi dizuegu: kaleak bizirik mantentzeko sektore estrategikoa dira, eta hainbat urtetan jaiak diruz lagundu dituzte". Horrez gain, "kalitatezko enpleguaren aldeko edozein ekimen eta mobilizazio babesteko deia" ere luzatu dute.
Edozelan ere, tokiko kultur sortzaileekin aisialdirako tartea sustatzeko beharraz mintzatu dira: "Aurten ere gogoan eduki beharko genuke jai eragile guztien iritziak errespetatu eta elkarlana ez murriztea, eta aurrerarentzean ere, noski. Unean-uneko osasun araudiak eta pandemiaren egoerak zehaztuko du gure jaien erritmoa. 2021. urteko Latiorroko Jaiak kañeroak izango dira! Bitartean, elkar-zaintza lehenetsi!".