SOSLAIA

Enriquín, irribarrea ikur eta laguntzeko prest

Aitor Aspuru Saez 2020ko abu. 15a, 18:00
Enrique Gastaka San Blas Egunean. / Patxi Astobiza

Enrique Gastaka Barbara abuztuaren 8an hil zen. Landaluzen autoak desegiteko tokia zuen, eta lan publikoa izanik, ezaguna zen. Ez ziren hain publikoak, ordea, berak herri ekimenetan egindako ekarpenak.

Enrique Gastaka Barbara, "Enriquín" lagunen eta auzokideen artean, abuztuaren 8an zendu zen. Oro har, jende gehienak ezagutu zuen Landaluzen autoak desegiteko tokia zuelako, baina herrian zein auzoan bestelako ekarpenak egiten zituen, gehiegi zabaldu gabe. 

Zentzu horretan, Emiliano Diez auzokideak bi esparrutan nabarmendu du Enriquínen izaera. Arlo pertsonalean, Diezek azpimarratu du oso lagun hurbila zela: "beti prest entzuteko eta laguntzeko, gehiegi pentsatu gabe. Gainera, beti hartzen zintuen irribarre batekin aurpegian. Oso maitagarria zen".

Horrez gain, aztarna polita utzi zuen Landaluzen: "Auzokide ona zen, laguntzeko prest. Eskuzabaltasunez eta hurbiltasunez, beharren bat egonez gero, bere esku bazegoen laguntzea, egiten zuen. Kamioia edo langileak bidaltzen zituen San Joan Jaietan laguntzera".

Baserria eta euskara

Horrez gain, Emiliano Diezek gogoratu du herriko nortasuna oso gogoko zuela Gastaka Barbarak: "Baserria maite zuen. Nahiz eta horri esker ez bizi, ardiak zituen, eta zaintzen zituen. Maitasun hori herrian islatu zuen, San Blas Jaia antolatzen laguntzen baitzuen. Bigarren lerroan jartzen bazen ere, bere azpiegitura erabiltzen zen".

Herri izaerari dagokionez, euskararen defendatzailea zen, Diezek azaldu duenez: "Ez zekien euskaraz, baina egin ahal zituen urratsak egin zituen. Adibidez, bere enpresan kartelak euskaraz zeuden".

Umore ona

Iñaki eta Floren Otaolak ere ondo baino hobeto ezagutu zuten, eta Emiliano Diezek bezala, bere nortasun umoretsua eta irribarretsua goraipatu dute: "bibrazio onak transmititzen zituen. Kalitate handiko pertsona zen".

Gainera, bere konpromiso politikoa aipatu dute: "Euskal Herria askatzeko aldarrikapen politikoekin egiten zuen bat, bereziki, euskal preso politikoen eskubideekin".

Bere ideien artean, eta baserriari zein ardien pasioari lotuta, Otaola anaiek uste dute aipatu behar dela ingurumenaren zaintzaile sutsua zela, "nahiz eta autoak desegiteko tokia izan, sentsibilitate ekologiko handia zuen eta kontsumismoaren aurkaria zen. Oso kritikoa zen horrekin".

Bere heriotzarekin, Landaluze auzoetako zutabe bat desagertu da, baita bere etengabeko irribarrea ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide