“Pepe Mujica ez da politikari hutsa, filosofoa da”

Aitor Aspuru Saez 2020ko abu. 17a, 07:00
Pili Elortegi eta Txelo Urkijo eta eurekin bidaiatu zuten gainontzeko euskaldunak Pepe Mujicarekin.

Pili Elortegi eta Txelo Urkijo laudioarrak iaz joan ziren Uruguayra, Frente Amplio koalizioaren funtzionamendua hobeto ezagutzeko. Horri esker Pepe Mujica presidente ohiarekin batu ziren bere etxean.

Iazko udan Pili Elortegi eta Txelo Urkijo laudioarrek Uruguayra jo zuten Frente Amplio koalizioaren kultura politikoa ezagutzeko. Sortuk antolatu zuen bidaia, eta biek erabaki zuten parte hartzea. 

 

“Hasieran trebakuntza politikoa eta turismoa uztartzea pentsatu genuen, baina behin han geundela goizeko 07:00etatik gauera arte geunden toki batetik bestera”, azaldu du Urkijok.

 

Laudioarrek bilerak izan zituzten koalizioaren barruan dauden alderdi anitzekin eta herri mugimendutan ibiltzen diren militanteekin: ekologismoan, feminismoan, industrian...

 

 

Gorka Elejabarrieta EH Bilduko senatari ohiari esker, Pepe Mujicaren etxera joateko aukera suertatu zitzaien. “El Cerro auzoan bizi da. Oso leku txiroa da eta bere etxea besteenak bezalakoa da. Errepidea asfaltatu gabe dago eta etxebizitza, berez, txikia da” azaldu du Pili Elortegik.

 

Presidente ohia nolakoa den galdetuta, biak iritzi berekoa dira: “Oso gertua, baikorra, umila, eta hizlari aparta. Politikaria baino, filosofoa da. Batzuetan ematen du lokartzen ari dela, baina hausnartzen ari da: zer nolako mundua sortzen ari den, zein egoeran gauden... Aldi berean, oso praktikoa da, jendea txirotasunetik ateratzea da bere helburua” argitu du Urkijok.

 

Mujicaren aztarna politikoa, edonola ere, sakona da Uruguayn. Elortegik gogoan ditu bere legealdietan ezarri diren neurriak: “Txabolismoa oso arrunta da Uruguayn. Etxola horietan lortu dute ura eta elektrizitatea izatea, osasun eta hezkuntza sistema publikoak hobetzea, kalamua legeztatu zuten, aborto eskubidea bermatu... Mujicak berak bere soldata gehiena El Cerroko jende txiroari bideratzen dio”.

 

Horren adibidea etxean bertan du: “Bere jabegoan landetxe-eskola ireki du bazterketa egoeran dauden gazteek lurra lantzen ikas dezaten”.

 

 

Euskal Herria

 

Mujicaren familiaren erroak Euskal Herrian daude, eta horregatik ezagutzen zuen zer gertatzen den hemen. Baina euskal herritar gehiagorekin batu ziren Urkijo eta Elortegi: “Euskal errefuxiatu politikoekin egon ginen. Oso hunkigarria izan zen. Horrez gain, euskal errefuxiatuak defendatzen -el Filtro operazioan- hil zen gazte baten ama ere ezagutu genuen".

 

Che Guevara

 

Bestelako une bitxia bizi izan zuten El Cerron laudioarrek: “Che Guevararen alabarekin egon ginen, gerrillariari egindako omenaldi batean, hain zuzen. El Cerro gainean dagoen monolito batean izan zen. Alabak lore sorta egin zion eta abestia kantatu zion. Oso ekitaldi polita izan zen”.

 

Itzulera

 

Topaketa horietaz gain, abortoa ezarri zuen ministroarekin hitzordua izan zuten. “Azaldu zigun eztabaida ideologikoak ekiditeko osasun eskubidearen aldetik ezarri zutela legea”, esan du Pili Elortegik.

 

Militante apalekin denbora ere partekatu zuten, eta Euskal Herrira itzuli ziren lan egiteko gogoz: “Frente Ampliok erakutsi zigun ezkerreko jendea erkatzen dituzten ideietan zentratu behar dela aurrera egiteko, urrats praktikoak emateko eta herritarren bizitza hobetzeko”.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide