Abuztuaren 16an, San Roke egunean, meza eta ekitaldia egin ditu kofradiak. Ohi gisa, lepo bete da eliza, eta aforo mugatuagatik arkupeetan geratu behar izan dira zenbait herritar. Andere abesbatzaren kantek girotu dute ekitaldia, eta ondoren ekin diote omenaldiari.
Lehenbizi diplomak banatu dituzte, eta segidan egin dute Txani Rodrigez idazle zein kazetaria, eta Luis Maria Uriarte arkitektoa omentzeari. Jose Luis Navarro lehendakariak gidatu du ekitaldia, eta aurten kofradiaren jarduerak bertan behera geratu direla nabarmendu du, osasun egoeragatik.
Omenaldi berezia
Luis Maria Uriartek azpimarratu duenez, "ohore handia" da halako aitortza jasotzea herriaren aldetik. Txani Rodrigez, berriz, ezin izan da bertaratu, eta haren ahizpak hartu du hitza bere izenean. Idazkian sortzaileak azpimarratu duenez, laudioarrak eta euskaldunak lotzeko zubia eraikitzeko publikatu zuen Agosto liburua. "Zuekin egotea gustatuko litzaidake. Mila esker San Roke Kofradiari duela hamarkada bat nire liburuan eraiki nahi izan nuen zubian halako harri berri eta garrantzitsua jartzeagatik".