Arantzarreko kamioientzako aparkalekuaren kudeaketaren lizitazioa atera du Laudioko Udalak. Tokiko erakundeak 148.733,66 euro emango dizkio esleipena irabazten duen enpresari, azpiegituraren kudeaketa bere gain hartzeagatik. Kontratua urtebetekoa izango da, baina beste hiru urtez luzatu ahalko da.
Enpresak hainbat lan egin beharko ditu: aparkalekua zaintzea, garbitzea, nor sartzen den eta nor irteten den kontrolatzea eta arreta telefonikoa eskaintzea, besteak beste.
Lau langile, gutxienez
Zerbitzua urteko egun guztietan eskainiko da, eguneko 24 ordutan zehar. Gauzak hala, enpresak lau langile enplegatu beharko ditu gutxienez aipatutako zereginetara.