Unax Lekanda 3. sailkatu da Euskadiko Atletismo Txapelketan, 100 metroko diziplinan

Aitor Aspuru Saez 2020ko abu. 29a, 13:25
Unax Lekanda abuztuaren 5ean Iruñean. / J. A. L.

Laudioarrak podiuma zapaldu du gaur Donostiako Anoetako miniestadioan. Bere marka pertsonaletik urrun geratu arren, emaitza onak eskuratu ditu. Irailean denboraldi berria prestatzeari ekingo dio.

Unax Lekanda atleta laudioarrak 3. postua erdietsi du Euskadiko Atletismo Txapelketan, kategoria absolutuan, 100 metroko diziplinan. 11.24 segundoko markak balio izan dio horretarako, nahiz eta bere emaitza pertsonal onena 11.16 segundokoa izan.

Hala ere, goiza ez da modurik onenean hasi kirolariarentzat. "Finalerdietan 4. postuan sailkatu naiz. Euria ari zuen eta ez dut nahi bezain ondo egin. Zorionez, finalean hobeto egin dut. Uste nuen 4. sailkatzea posible zela gutxienez, arerioen markak ikusita. Dena den, inoiz ez dakizu, gorputza ez baitago beti berdin".

Lekanda pozik dago. Izan ere, aurtengo denboraldia bere ibilbideko onena izan da: "60 metroko lasterketan Arabako txapeldunordea izan naiz eta orain Euskadiko 3. sailkatu naiz".

Hurrengo denboraldia

Gaurko lorpenarekin atletak bukatutzat eman du denboraldia. Hori bai, ez du atseden handirik hartuko: "Iraileko 2. edo 3. astean berriro ekingo diot entrenatzeari. Nire helburuak izango dira marka pertsonala hobetzea 11 segundora murriztuta, berriro podiuma zapaltzea Euskadiko Txapelketan eta Espainiako Txapelketan parte hartzeko sailkapena eskuratzea".

Unax Lekanda duela 6 urte hasi zen atletismoan, futbola utzi ostean, orkatilan lesio ugari izan ondoren. Laudio Atletismo Taldean sartu zen lagun baten bitartez, eta ohorezko mailan lehiatzeko, Atlético Pamplona klubera batu zen, aurten, hain zuzen: "Gasteizen proposatu zidaten eurekin lehiatzea. Klub garrantzitsua da eta Estatu Espainiarreko elitean dago, txapelketa gorenean parte hartzen du".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide