EH Bilduk prentsa oharra zabaldu du kritikatzeko EAJ eta PSE-EEren "Ez jaiak". Koalizioaren aburuz, zentzugabea da udal gobernuaren aldetik bideoa plazaratzea zuhurtzia eskatzeko jaietako eragileei eta herritarrei, eta kultUDA egitasmoan jarduerak prestatzea egun nagusienetan, "abuztuaren 16an (Erroke Deuna), 28an (Baserritar eguna), 29an (Odoloste eguna) eta 30ean (Kofradiaren eguna)".
EH Bilduk uste du herritarren parte hartzerik gabe hartu dituela erabaki guztiak udalak: "Hilaren 14an, gobernu-taldeak bakardadean, pregoi pribatu bat irakurri zuen 'Herria' pregoilara izendatuz, baina aldi berean, herria baztertuz".
Berez, oposizioko taldearentzat "Ez jaien eredua" izan da egungo udal gobernu taldearen prozeduraren ezaugarri: "Propagandan oinarritutako kudeaketa da; kontuan hartu gabe eta alde batean utziz benetako protagonista; hau da, gizarte laudiorra".