Omnia: "Non ikusi da pregoilariek parte hartzen ez duten pregoi irakurketa?"

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko ira. 11a, 08:03
Omniako kideak prentsaurreko batean. / Aiaraldea.eus

Herritar eta jai eragileen jarrera txalotu eta EAJ-PSE gobernu taldearean kudeaketa salatu du alderdi laudioarrak.

Omnia alderdiak prentsa oharra atera du abuztuko jaien datetako udal ekintzak kritikatzeko. "EAJ-PSE gobernu taldeari belarri tirakada egin nahiko genioke KultUda programagatik. Ekintza horiek sanrokeetako egun zehatzetako jarduera sorta ezkutatzen zuten", adierazi dute oharrean, "abuztuaren 16an sanroke eguna zen, 28an baserritarrena eta 29 odolosteena". 

Omniaren aburuz, parte hartze politikoa ez da existitu agenda planifikatzean, "erabaki guztiak gobernu taldeak hartu ditu, oposizioari ideiak eta iritziak emateko aukera kenduta".

Ildo beretik, jai kuadrilen parte hartzea eta eragileena oso murritza izan dela erantsi dute. "Udala beharrezko neurriak hartuta gai ikusi bada ekintzak egiteko, beste kanpo eragileek ere jarduerak antolatzeko aukera izan beharko lukete, ezarritako protokoloa beteta".

Koronabirusak eragindako pandemiaren bilakaeragatik, Omniak hartutako jarrera argudiatu du: "Kutsatzeek gora eginda, Omniatik ekintzak bertan behera uzteko beste udalerriek hartutako bidea jarraitu behar zela uste genuen; horregatik erabaki genuen udalak antolatutako ekintzetan ez parte hartzea".

Pregoilari izendapenaz, berriz, asmo on baina garapen txarreko ekintza izana arbuiatu dute: "Herritarrek hilabete hauetan egindako lana eskertzeko ideia ona zen, baina biztanleei protagonismoa eman ordez eurek idatzi dute testua, baita pregoi ekitaldi pribatua antolatu ere, laudioarrak bazter utzita".

Omniaren iritziz, ekitaldiak ez zuen zertan jendetsua izan, baina pregoiko mezua herritarren ahotan entzuteko baliabideak topa zitezkeen, bakoitzaren mezua bideoz grabatuta kasu: "Non ikusi da pregoilariek parte hartzen ez duten pregoi irakurketa? Ez du inolako zentzurik". 

Azkenik, kultura bizirik mantentzearen garrantzia azpimarratu dute, udal gobernuaren kudeaketa kritikatuta: "Ez dira ari euren benetako aurpegia erakusten, eta Omniatik argi dugu: botereak ez ditu pertsonak aldatzen, benetan direna erakutsi baizik".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide