Mikel Ayllonek irabazi du Donostia Hiriko Kutxa Saria, kontakizunen alorrean

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 13a, 12:30

Mikel Ayllon "Takoidun zapata gorria" antzezlanean aktore lanetan./ M. A.

Itxaro Bordak, Aritz Gorrotxategik eta Jon Kortazarrek osatutako epaimahaiak jakinarazi zuen atzo erabakia. Mikel Ayllonek adierazi du pozik dagoela, maila altuko epaiek hautatu baitute bere lana: Zoriontsuak izatea erabaki genuen.

MIkel Ayllon idazle laudioarrak sari berria eskuratu du, Donostia Hiriko Kutxa Saria, hain zuzen. Atzo zabaldu zuten erabakia eta kontakizunen esparruan arabarra izan zen irabazle. Ayllonek argitu du poztasuna sentitu duela: "askok aitortzen ez badute ere, sari bat irabazteko, 20 galdu behar dituzu, eta askotan irabazi eta galtzearen arteko marra oso fina da".

Edonola ere, kasu honetan sortzaileak asebetea sentitzeko arrazoi bikoitza du: "garaitzeko oso garrantzitsua da epaimahaikideen gustuak eta irizpideak, eta kasu honetan maila altukoak dira; Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Jon Kortazar".

Saria

Atzoko ekitaldiak soilik balio izan zuen erabakia komunikatzeko, baina oraindik sarien banaketa egin behar dute. "Hurrengo hilabeteetan izango dela uste dut. Gala egin ohi da, baina COVID-19 dela medio, ez dakit zein izango den eredua aurten" gaineratu du Ayllonek.

"Zoriontsuak izatea erabaki genuen"  lanagatik saritu dute Mikel Ayllon

Berarekin batera, Maialen Diaz Urrizaren lana aitortu dute, kasu horretan antzerkigintzaren alorrean. Berez, Ayllonek 10.000 euroko saria eta garaikurra jasoko ditu. Horrez gain, idazleak uste du Kutxak berak argitaratuko duela lana.

Ipuin bilduma

Zoriontsuak izatea erabaki genuen ipuin bildumaren eskutik lortu du Mikel Ayllonek aitorpena. Lanaren ardatza zoriontasuna da eta 6 kontakizunek osatzen dute: "Independenteak izan arren, harremanetan jartzen dituen haria dago, pertsonaia ezberdinen bilaketa zoriontsuak izateko, alegia" aipatu du idazleak.

Gizartearen bazterreko pertsonaiak dira kontakizunen protagonistak eta kapitalismoaren zoriontasunaren kontzeptua zalantzan jartzen dute.

Hala eta guztiz ere, laudioarrak azpimarratu du berak deskribatzen duen zoriontasuna ez dela gizartean gailendu dena: "kapitalismoak saltzen digu zoriontasuna oso betea da, ia ia su artifizialekin. Oso muturreko ideia da. Ipuinetan agertzen den zoriontasuna bestelakoa da, pausatuagoa da, eta tristezia apurra badauka. Berez, kapitalismoaren zoriontasun bete hori gezurra da eta protagonistek zoriontsu izateko hartzen duten bidea zalantzaz beterik dago, batzuetan erabakiak eskasak izaten dira, edo zorterik ez dute bere alde izan. Izan ere, pertsonaiak gizartearen bazterrekoak dira".

Antzerkigintza

Azken urtean literaturan lan ugari ekoiztu baditu ere, Mikel Ayllon zentratuko da orain antzerkiaren munduan. Hasteko, azarorako antzezlan luzea amaitu behar du Donostia 2016 ekimenak abiatutako "Antzerkigintza Berriak" lehiaketarako. Jadanik laudioarrak jaso zuen beka beste 7 egilerekin batera eta epaimahaiak erabaki beharko du zein lan izango den hautatua Victoria Eugenia eta Arriaga antzokietan taularatzeko.

Horrez gain, abenduan beste zita bat izango du Ayllonek. Gasteizko Antzerki Jaialdian lan laburra aurkeztuko du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide