Zergak eta tasak kasu batzuetan %300ean igo nahi izatea leporatu dio EH Bilduk udal gobernuari

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 14a, 17:53
Santi Hernando eta Jose Mari Gutierrez EH Bilduko zinegotziak. / Aiaraldea.eus

EH Bilduk prentsaurrekoa eskaini du gaur Laudion salatzeko EAJ eta PSE-EEren udal gobernu taldeak igoera handia egin nahi duela udal tasa eta zergetan.

Laudioko EH Bilduk agerraldia egin du gaur salatzeko udal gobernu taldeak zerga eta tasak garestitu nahi dituela. Koalizioak Arantzar aparkalekuan egin du prentsaurrekoa, azpiegitura erabiltzen duten garraiolariei zerbitzuaren prezioa bikoiztu nahi dietelako. "Egun 60 euro inguru ordaintzen dira aparkalekua baliatzeagatik eta 2021ean 120 izatea nahi du udal gobernu taldeak. Horrek esan nahi du 900 euro gehiago ordainduko dituztela", salatu dute Santi Hernando eta Jose Mari Gutierrez zinegotziek.

EH Bilduk azaldu du EAJk eta PSE-EEk ibilgailuen zerga %10ean igo nahi dutela, zabor-tasa %5ean eta ura %2an, besteak beste

EH Bilduko ordezkariek igoeren adibide gehiago jarri dituzte: "Hilerrian nitxo bat izateagatik 98 euro ordaintzetik, 155 pagatzera igaroko da herritarra, EAJk eta PSE-EEk egin duten proposamenaren arabera. Hau da, %60 gehiago. Ibilgailuen zerga %10 igotzea proposatzen dute; zabor-tasa %5; estolderia eta ura %2".

Koalizioaren ustez, "Bereziki adierazgarriak dira merkataritzari eta ostalaritzari eragiten diotenak: terrazetan %10eko igoera eta Abasto Merkatuko postuetan %10ekoa".

Hobarien proposamena

EH Bilduk kritikatu du igoera horiek inolako diskriminazio positiborik gabe egingo direla. Horregatik, Jose Mari Gutierrezek defendatu du bestelako fiskalitate neurriak hartu ahalko liratekeela: "Herritar guztiei eragiten dieten zergak izoztea, hala nola ibilgailuen gaineko zerga, ondasun higiezinen gaineko zerga (OHZ)... Hobarien aukerak hobetzea eta zabaltzea, OHZn edota zabor eta uraren tasetan 42.000€ bitarteko (egun, OHZren kasuan, 21.000€ bitartekoentzat da) errenta duten familientzat %95eko hobarien bidez, esaterako. Ostalaritza urte osorako terraza-tasatik salbuestea. Exentzio-proposamen hau, EH Bildutik pandemiari aurre egiteko aurkeztutako neurri-sortan planteatu genuen. Era berean, eskaini ezin izan diren zerbitzuei dagozkien tasa edo prezio publikoak itzultzeko formula (zati proportzionala) aztertzeko eskatuko dugu berriro”.

Kudeaketa eredua

Udala enpresa baten moduan kudeatzea egotzi die koalizioak  EAJ eta PSE-EEri, eta zenbait zerbitzu defizitarioak izatea aldarrikatu du. "Udalaren egoera ekonomikoa ona zen lehen eta ona da orain. COVID-19aren ondorioz inbertsioak ere eten dira", adierazi du Santi Hernandok.

Zentzu horretan, koalizioak uste du “gobernu-taldearen arduradun ekonomikoek erantzukizun politikoa kanpoko aholkularitza-enpresa baten esku utzi dutela; kontu publikoen ikuspegi merkantilista islatu dutela proiektuan, eta berriz ere erakutsi dutela sentsibilitaterik ez dutela krisi honetan okerren pasatzen ari direnekin”.

Gardentasun falta

Azkenik, Santi Hernandok erantsi du EAJk eta PSE-EEk edozein erabaki txiki zarata askorekin komunikatzen dutela udal hedabideen bitartez, baina kasu honetan ez dutela ezer esan.

Gauzak horrela, ostegunean egingo den ez-ohiko batzordean eskatuko dute udal tasen eta zergen planteamendua guztiz aldatzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide