Aniztasun funtzionala erdigunean jarri duzu zure azken proiektuan. Zertan datza?
Maite Agirre zuzendari, Xabier Madina dantzari eta aktorearekin bikote artistikoa eraikitzen ari naiz pieza honetarako. Musika eta arte diziplinen masterra ikasi dut aurten, eta zenbait lan egin behar izan ditudanez, zuzendariari bidali nion piezetako bat. Donostiako Kirats Teatro Repelentea antzerki taldearen lana gogorarazten ziola esan zidan berak. Donostiako Isa Matia egoitzako kideek osatzen dute taldea. Hasiera batean obrarako musika sortzea zen nire asmoa, baina aktore batek huts egin zuen, eta dena egitea proposatu zidaten. Horrela sartu nintzen saltsa berri honetan.
Zer kontatzen du obrak?
Maitasun istorioa da ardatza, elkarrizketa fisikoak bilatzen ditugu. Nik musika egiten dut, eta Xabik dantza. Maitasun harremana irudikatzen dugu, baina ez da idilikoa: nahiak, desioak eta oztopoak daude. Gure pertsonaien arteko sentsualitate eta erotismo uneak ere mahaiganeratzen ditugu. Guzti horri ikusgarritasuna eman nahi izan diogu.
Egitasmo soziala proiektu artistiko bihurtu duzue.
Maitek urte batzuk daramatza inklusibitatea lantzen hainbat kiderekin. Niretzat proiektu sozial potentea da, kolokan jartzen baitu nola harremantzen garen, ezberdintasunak nola bizi ditugun... Esaterako, Xabik garun paralisia du, eta traba gisa ikusten dugu gurpildun aulkia izatea. Aldiz, ni begiratzean “normaltasunaren kategorian” kokatzen naute. Denok ditugu gure abileziak eta ahuleziak buru barruan, ez da beharrezkoa gurpildun aulki bat izatea. Gure entseguetan biok ematen dugu guztia, mimo handiarekin, benetan egiazkoa dena sortzeko nahiarekin.
“Denok ditugu gure abileziak eta ahuleziak buru barruan”
Gaitasunak, aukerak eta oztopoak bistaratzeko ahalegina da, beraz, zuen obra berri hau?
Bai. Kirats Teatro Repelenteko lagunek oso argi dute beraiek gaitasun asko dituztela jendartean partekatzeko, eta parte izan nahi dute. Iragan astean topaketa bat egin genuen beraiekin. Urte beteko ibilbidea du eta 7 kide bildu ginen bertan. Ez dute begiratuak izan nahi aulkian egoteagatik, artista direlako baizik. Musika, dantza, zinema... askatasun, sormen eta adierazpide berriak topatzeko iturri dira eurentzat.
Ikuslearen barrenak eta kaleak astinduko dituen pieza dela esan daiteke?
Bai. Kalean jaio zen pieza gainera, perfomance urbanoa da. Donostiako hiru txoko aukeratu genituen ibilbidea osatzeko, eta han aritu ginen gure lan edo esplorazioak egiten. Kaleko objektuak sinbolo gisa hartu genituen: iturriak, bankuak... Horrela aurkeztu genuen gure proposamena. Bitxia da, jendea lelotu egiten da guri begira. Asko gustatzen zaigu kalea eta jendea, eta ikusten geratu zirenek oso lan polita egiten genbiltzala esan ziguten.
“Paniko eszenikoa” deritzona ere ematen du batzuetan publikoarekin harremantzeak, gure arteko istorio batzuk mahaiganeratzea erraza da, baina sexu ikuspegia konplexuagoa da. Noizbait, norbait deseroso sentiarazten badugu, ondo gabiltzanaren seinale izan daiteke.
Kale ikuskizuna izango da, baina bestelako formatuak ere esperimentatzen zabiltzate, ezta?
Bai. Kale antzerki formatua du, baina orain oholtzarako prestatzen gabiltza. Gure intentzioa herriaren arabera egokitzea da, bi moduak uztartzeko aukera izateko. Izan ere, polita da kale antzerki formatuan hasi eta oholtzan bukatzea, edo bata edo bestea eskaintzeko modua izatea.
Horrez gain, ikus-entzunezkoa sortu duzue.
Abuztuaren erdialdean grabatu genuen laburmetrai-dokumentala, beste saltsa eta erronka berri bat, ederra hau ere. Bertan Xabik eta biok sortutako istorio hori uztartzen da Kirats Repelentea taldeko kideen gogoetekin. Besteak beste, beraientzat artea eta antzerkia zer diren lantzen da, bizitza bizitzeko beste modu batzuk. Musika eta artearen beharra daukagu mundu krudel honetan askatzeko, eta eztabaida horiek ere mahaigaineratzen dira.
Dokumentala zinema jaialdi baterako egiten ari gara, baina ez dugu baztertzen beste toki batzuetan ere aurkeztea. Iraila edo urrirako bukatuta egotea espero dugu, produkzioa ordurako amaitu eta udazkenean publikoki elkarbanatzea.
Aktore lanez gain, musika ere jarri diozu lanari.
Konfinamenduan kantu pertsonalak sortu nituen, eta Igor Arzuagari erakutsi nizkion abestiak. Musika idazteko gomendatu zidan berak, orain arte inprobisatzen aritu bainaiz beti. Horrela animatu nintzen dokumentalaren sintonia sortzera. Oso polita da egunez egun landutakoa nola loratzen den ikustea.
Zer transmititu nahi izan duzu nota idatzi horietan?
Galdera ona, ez dakit. Nota batzuk oso laburrak dira, agertu eta desagertu egiten dira; pertsonak bezala. Beste une batzuetan intentsitatea nabarmendu nahi izan dut. Gure kaleko piezek hainbat txoko dituztenez, pasarte bakoitza josteko musika bilatu dut.
Eta sortze prozesua?
Erronkaren arabera ezberdina da nire sortzeko modua. Kasu honetan -Donostiako esperimentuetan- zuzenean inprobisatu nuen kalean melodikarekin. Hortik tiraka, momentuko inprobisazioetan oinarritu naiz. Gehien kostatzen zaidana gorpuztea da, gorputza eta ahotsaren erabilera dira atal zailenak. Testuak idazteak lagundu egiten dit, egunerokoa osatzen dut, testu arrunt edo poetikoak idazteak lagundu egiten dit pertsonaiaren gorputza eta ahotsa imajinatzen, bestela haragia eta lurra faltatzen zaie. Askotan kamera jartzen dut gorputz ariketak egiteko eta behatzeko. Zuzendariaren begirada ere eskertzen dut, piezak enkajatzeko.
“Musika eta artearen beharra daukagu mundu krudel honetan askatzeko”
Noiz egongo da ikuskizuna ezagutzeko aukera?
Ez dakigu oraindik. Nik uste udazken edo neguan izango dela, egoeraren arabera! Antzezteko aukerarik ez badago, kalera ateratzea planteatuko dugu, guk mugitu egin nahi dugu eta! Dagoeneko ikuskizunak badu enbor solidoa, beraz, saiatuko gara udazkenean aurkezten. Deitzen gaituzten toki edo aukerei baietz esango diegu.
Sortzaile gisa definitzen duzu zure burua. Antzerkia, musika... Hainbat diziplina uztartzen dituzu zure egunerokotasunean.
Kontserbatorioan egin nituenez ikasketak, musika da garatuen dudan hizkuntza. Hortik landu ditut antzerkilari batek jorratu beharreko beste ikuspegiak: ahotsa, gorputza, testuen idazkera edo erritmoa... Nire babesa musikan topatzen dut askotan, eta handik jotzen dut beste diziplinetara. Asko gustatzen zaizkit sorkuntzan diziplinen artean sortzen diren elkarrizketak. Hasiera batean sortzailetzat hartzen ez dugun osagaia sorkuntza prozesu baten parte bihur daiteke. Horrela, poetikoa izan daitekeena etengabe dugu gure ingurunean.
Aurrera begira, zeintzuk dira zure erronkak?
Ahal dela, saltsa gehiegitan ez sartzea. Poliki-poliki joan nahi dut, sorkuntza prozesuek atentzio eta intentsitate asko eskatzen dute. Momentu batzuetan saltsa gehiegitan sartuta egon naiz, eta ez dut izan argitasuna jakiteko saltsa bakoitzean non kokatu. Horretan fokalizatu nahiko nuke: musikaren bidez beste arte diziplina batzuekin konektatzea. Uneotan kantu pertsonalak idatzi eta konposatu nahiko nituzke, grabatu eta niretzat izateko (edo erakutsi nahiko banitu materiala edukitzeko, bestela galdu egiten da eta). Gero, asko gustatzen zait sorkuntza prozesuak laguntzea. Inguruan norbaitek eskatuz gero, asko gustatzen zait rol hori ere. Sorkuntza oso tresna garrantzitsua da niretzat egunerokoan, prozesu sinpleenetik konplexuenera.