Piszifaktoria Laborategia antzerki talde ez egonkorra berriro elkartu da, eta duela 3 urte bezala, Gasteizko Antzerki Jaialdian aurkeztuko du lan berria. Elkar ezagutu genuen eguna 20 minutuko iraupeneko pieza da eta Mikel Ayllon idazleak sortu du gidoia. Pablo Ibarluzeak zuzenduko du, Igor Arzuagak prestatu ditu musika eta soinu efektuak eta Aritz Bengoa eta Irati Agirreazkuenaga izango dira antzezleak.
Abenduan izango dira emanaldiak 4 egunetan eta 2 saio taularatu beharko dituzte egunero, Hegoalde Gizarte Etxean. Ayllonek gainetik azaldu du zer kontatzen duen: "Bi pertsonaren istorioa da. Urrutiko harremana dute, Internet bidez, eta bakoitzak zoriontasunaren bila egingo du bere bidea. Hori bai, uneren batean topo egingo dute, eta orduan zer gertatzen den kontatuko du antzezlanak".
Proiektu laudioarra
Piszifaktoria Laborategia elkartzeko lehen urratsa Mikel Ayllonek eman zuen: "Testu batzuk nituen idatzirik eta Pablo Ibarluzearekin jarri nintzen harremanetan antzezlana prestatzeko. Gasteizko Antzerki Jaialdian aurkeztu genuen eta hautatu egin dute, duela 3 urte Takoidun zapata gorria obrarekin bezala".
Berehala batu zen Igor Arzuaga egitasmora, Ayllonek adierazi duen moduan: "Pablorekin hitz egin nuen, kuadrillakoa baita eta harreman luzea eta egonkorra dugu. Igorrekin ere hainbat aldiz lan egin dut eta obra honetan musika zein soinu efektuak oso garrantzitsuak dira".
Antzezleei dagokienez, Aritz Bengoa laudioarrari proposatu zioten pertsonaia protagonista bat hartzea bere gain. Aritzek berak bilatu zuen Irati Agirreazkuenaga busturiarra beste pertsonaiaren hutsunea betetzeko.
Asteazkenean egin zuten agerraldia Gasteizko Antzerki Jaialdiaren nondik norakoak argitzeko. Izan ere, aurten berebiziko garrantzia emango diete tokiko taldeei.