Koronabirusak Laudioko "Euskararen Jaia" bertan behera utzi du, baina ez bere jarduera. Datorren asteburuan ospatuko da ekimena, hainbat ekintzarekin. Hala ere, ekimena ohikoa baino “xumeagoa” izango dela jakinarazi dute antolatzaileek, “egoerak hala behartuta”.
Larunbat eguerdian egingo da ekintza nagusia: Urrezko Makila emateko ekitaldia 12:00etan egingo da Herriko plazan. Aretako Eskolako guraso, ikasle eta irakasleek jasoko dute aurten makila. Ikastetxe horrek azken urteetan garatutako “euskalduntze prozesua” omendu nahi dute horrela. “Badira urte batzuk bertako guraso elkarteak Areta euskalduntzeko hautua hartu zuenetik”, azaldu dute ekitaldiaren antolatzaileek, eta konpromisoaren fruituak nabarmendu dituzte: “Aretak Batzorde propioa izango du aurtengo Euskaraldian, eta guraso elkarteak ekintza ugari antolatzen ditu euskaraz urtean zehar. Horri guztiari egin nahi diogu aitortza”.
Larunbat arratsaldean, aldiz, bi jarduera egongo dira: Enaitz ipuin kontalariaren emanaldia (17:30ean Aldai plazan), eta bertso saioa Izar Mendiguren, Serapio Lopez eta Juanjo Respaldiza bertsolariekin (bi ordu beranduago Herriko plazan).
Igandean, aldiz, Euskaraldiaren aldeko ibilaldia egingo da, 10:00etan Lamuza plazatik abiatuta. Arraño mendia eta Luxa bidea zeharkatuko dituzte parte hartzaileek.