JORGE BARRIUSO

"ITPko arazoa ez da estrukturala, pandemiak eragin du. Negoziatzen hasteko 600 kaleratzeak atzera botatzea eskatu diegu"

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 22a, 14:00

Jorge Barriuso laudioarra langile batzordeko ordezkaria da. / Aiaraldea.eus

JORGE BARRIUSO (Laudion, 1976) ITPk Zamudion duen zentroan lan egiten du eta ELAko ordezkaria da langile batzordean. Pasa den astean 194 behargin kaleratuko dituztela iragarri zien zuzendaritzak eta grebak antolatu dituzte asmo horien kontra.

Zein da ITP enpresaren egoera?

Abuztuaren 31n zuzendaritzak jakinarazi zuen langileen kopurua %15ean murriztuko zuela talde osoan. 4.000 beharginetik 600 kaleratu nahi dituzte. ITP SAU Zamudioko enpresari eta Madrilgo beste biri eragingo lioke erabakiak. Zamudion 1.269 gara eta Madrilgoekin, guztira, 2.000 langile baino gehiago gara. 

"Zamudion 194 langile kaleratuko dituztela esan ziguten lehen bileran"

Negoziazio mahaiaren lehen bileran esan digute 194 lankide botako dituztela Zamudion. Gu horren aurka gaude. Uste dugu behin-behineko egoera dela eta ez estrukturala. Bestelako neurriak har daitezke, beharginak bota ordez. 

Nola doa negoziazioa?

Hasteko, esan behar dut enpresak negoziazio mahaia sortu duela 3 lantegiekin eta guk ez dugu uste hori zuzena denik. Zamudiotik ezin ditugu ordezkatu Madrilgo langileak eta eurei buruz erabaki eta alderantziz.

ELAk gehiengoa dauka Zamudion, 23 ordezkaritik 10 ditugu, baina mahaian 3 ordezkari besterik ez dugu eta 13 dira guztira. Indarra galdu dugu, argi eta garbi.  Zuzendaritzak argudiatu du sozietate gisa eratu behar dela mahaia.

Zein sindikatu daude zuekin mahaian?

CCOO eta UGT. Zamudion CCOOk 5 ordezkari ditu eta UGTk, aldiz, 8. Madrilgo ordezkari guztiak Ajalvirreko zentrokoak eta UGT eta CCOOekoak dira. Horrez gain, Alcobendasen beste zentro bat dauka enpresak, baina ingeniari eta bulegoko langileak direnez, ez dute ordezkaririk.

Zeintzuk dira zuen proposamenak krisialdiari aurre egiteko?

Gure ustez enplegua erregulatzeko espedientea luzatu daiteke eta aukera egokia izango litzateke ikustea tarte horretan zerbait hobea negoziatu daitekeen. Egia da COVID-19aren ondorioz lan karga jaitsi dela, baina badakigu jarduera berreskuratuko dela.

"Egia da COVID-19aren ondorioz lan karga murriztu dela, baina jarduera berreskuratuko dugu"

Horrez gain, enpresak sekulako irabaziak izan ditu azken urteotan, eta horien zati bat bideratu daiteke kaleratzeak ekiditera. Horregatik deitu ditugu 6 greba egun. Duela bi aste 3 elkarretaratze egin genituen eta manifestazioa Bilbon. UGT batu da elkarretaratzera, baina ez grebara.

Oraindik osteguneko lanuztea falta da, baina mobilizazioak arrakastatsuak izan dira, tailerretan batez ere. Bulegoetan ez dakigu zein den jarraipena, jendeak telelana baitauka. 

Nolakoa da giroa enpresan?

Zuzendaritzak 194 langile botako dituela iragarri ostean, badirudi motibazioa igo dela mobilizatzeko. Pozik gaude, esan bezala, tailerretan greben jarraipena handia izan delako. Nahiago genuke CCOO eta UGT grebara batuko balira, hori bai.

Aiaraldeko jende askok lan egiten du ITPn?

Esango nuke dozena batek gutxienez egiten duela. Guztiak ez ditut pertsonalki ezagutzen, baina Laudio, Amurrio eta Orozkoko jendea badago. Bestalde, nik bulegoan lan egiten dut, hortaz, txandaka aritzen dena agian ez dut inoiz ikusi. 

"Gutxienez, Aiaraldeko dozena bat langile dago ITP Zamudion"

Litekeena da dozena baino gehiago izatea, enpresa handia baita. 

Abuztuan kaleratzeak egongo zirela esan zuten eta pasa den astean Zamudion 198 izango zirela adierazi zuten. Zeintzuk dira zuen aurreikuspenak gatazka honetan?

Gu grebetan zentratzen ari gara eta ez dugu baztertzen mobilizazio gehiago deitzea eta hori indartzea. Ez dakigu nola erantzungo duen enpresak, guk hau guztia negoziatu nahi dugu, baina mahai gainean kaleratzeak egon gabe. Amildegi hori kendu nahi dugu eta dauden aukerak aztertu, egon badaude eta. Irtenbidea adostu daiteke. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide