Tasa eta zergen igoeran jasangarritasun ekologikoa aintzat hartzea aldarrikatu du Omniak

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 25a, 07:00
Nerea Gonzalez eta Alvaro Barrios Omniako kideak. / Aiaraldea.eus

Tasa eta zergen mantentzearen alde agertu da alderdi independentea. Halaber, hobariak egungo osasun egoerara moldatu behar direla adierazi dute. Horrez gain, Arantzar aparkalekuan eta hilerrian udal gobernu taldeak egin nahi duen igoera bertan behera uztea proposatu dute.

Omniak prentsa oharra plazaratu du jakinarazteko zeintzuk diren bere ekarpenak 2021ko tasa eta zergen araudiari dagokionez. Talde independenteak hamaika neurri azpimarratu ditu. Esaterako, ibilgailuen gaineko zerga mantentzea proposatu du, baita hobariak egotea auto elektrikoa erostean, nahiz eta bigarren eskukoa izan.

Hobarien bidearen alde egin du ere Omniak; eraikinen, lanen eta instalazioen esparruan. Zehazki, taldeak uste du  %95eko hobaria egokia dela obren helburua berriztatze energetikoa denean. Halaber, iradoki dute tasa doitu behar dela lanen prezio errealera, aurrekontuak aldatzen baitira.

Ildo beretik, Kultura Etxearen tasako hobaria erretiratuei zabaldu behar zaiela argudiatu du Omniak, eta ostalarien mahaien %50eko hobariaren alde egin du, osasun egoera dela eta. Zentzu berean, osteguneko azoken tasak mantendu behar dira, taldearen aburuz.

Tasen eta zergen igoera

Bi kasutan aldarrikatu du Omniak egon behar direla egoerak zerga eta tasetan; etxebizitza hutsetan eta sakelako telefonoen enpresetan, orain ez baitute ordaintzen.

Edonola ere, udal gobernu taldeak aurreikusitako bi zerbitzuen garestitzearen kontrako jarrera duela argitu du Omniak. Alde batetik, hilerriko tasa handitzeko ez dago arrazoirik, plataformaren hitzetan, “eta bereziki, pentsiodunek hartuko dute euren gain igoera”. Hori dela medio, dauden moduan geratzea defendatu dute.

Bestalde, Arantzar aparkalekuan planteatutako igoera zentzugabetzat jo dute. Horren ordez, bestelako kudeaketa eredua erabili behar dela aldarrikatu dute.

Zerbitzu errentagarriak

Azkenik, zerbitzuen errentagarritasunari buruz hausnartu du Omniak. Taldeak ez du ulertzen bat-bateko beharra zenbait zerbitzu errentagarriak izateko, eta aipatu du beste asko ez direla: ura edo zabor bilketena, adibidez.

Zentzu horretan, euren apustua ez da igoera lineala gauzatzea, baizik eta ingurumenarenean eta jasangarritasunean oinarritutako tasa eta zerga sistema, “gehien kontsumitzen eta kutsatzen duenak, gehiago ordaindu dezan”.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide