TAMARA RUIZ SAN JUAN

“Norvegian beti duzu zure familiaz gozatzeko denbora”

Aitor Aspuru Saez 2020ko ira. 30a, 07:00

Familiarekin bizi da Tamara Ruiz San Juan Norvegian. / T.R.S.

TAMARA RUIZ SAN JUANek (Laudio, 1988) urteak daramatza Norvegian. Bertako bizimoduari buruz mintzatu da. 

Hasteko, duela zenbat denbora bizi zara Norvegian? 

Jarraian duela 3 urte, baina Norvegiara lehenengo aldiz 2012an etorri nintzen. Udan lan egitera etortzen nintzen, 3 edo 4 hilabetez beharrean aritzera. Lan handia egiten nuen eta gero bidaiatzera joaten nintzen mundutik. 

Hortaz, joaten eta etortzen hainbat urtez egon naiz; baina, berez, bizitzen 3 urte.

Zergatik Norvegia?

Egia esanda, Norvegiara abentura gosez etorri nintzen lehenbiziko aldiz. Betidanik izan dut jakin-mina. Urte batzuetan hainbat lekutan bizitzen egon ninzten, gero Laudiora itzuli nintzen pare bat urtez eta irrikitan nengoen berriro kanpora joateko.

Toki ugari ezagutzeko beharra izan dut beti eta lagun batek Norvegiari buruz hitz egin zidan. Aipatu zidan atzerrian lan egitea gogoko nuenez, ideia ona izan zitekeela bertara jotzea, jende interesgarri asko elkartzen zelako eta dirua egiteko aukera zegoelako.

Berriro ateratzeko beharra sentitu nuen eta bertara joan nintzen, zortea probatzera. Abentura moduan. Toki berria zen, ez nuen ezagutzen.

"Haurdunaldiko kontrolak Norvegian egin nituen eta liluratura geratu nintzen. Hemen emakume haurduna ez dute tratatzen gaixorik egongo balitz bezala"

Noiz erabaki zenuen han geratzea?

Finean, haurdun geratu nintzenean. Bikoteak eta biok erabaki genuen Norvegiara joatea denboraldiko lana egitera eta ideia zen dirua aurreztea eta gero Katalunian egotea bertan erditzeko. 

Hala ere, haurdunaldiko kontrolak Norvegian egin nituen eta liluratura geratu nintzen. Hemen emakume haurduna ez dute tratatzen gaixorik egongo balitz bezala. Hemen haurdunaldia, jaiotza eta edoskitzea oso modu naturalean eta errespetuan oinarritua egiten dituzte. 

Guk modu pribatuan Katalunian bilatzen genuena -han sistema publikoarekin ez du bat egiten-, ordea, hemen modu publikoan genuen eta hemengo bizitza eredua da. 

Horretaz maitemindu ginen eta erabaki genuen hemen geratzea, ikusita zer nolako baldintzak eskaintzen zizkiguten erditzean, edoskitzearen laguntzan, eta amatasun eta aitatasun bajetan. Izan ere, guk gure semeari egin nahi genion opari bakarra gure denbora zen eta Norvegiako estatuak oso modu errazean eskaintzen zigun. 

Ni urtebetez egon nintzen amatasun bajan eta nire bikotea bi hilabete eta erdi, dena estatuak ordainduta. Guretzat munduko lekurik onena umea izateko zen toki bat zeinean denbora izango genuen berarentzat. Hortaz, hemen geratu ginen, oso gogoko baitugu familia bizitza ikusteko modu hori.

Hori da gehien gustuko duzuna Norvegian?

Bai, hemen dena dago sortuta familia bakoitzak denbora izan dezan berarentzat eta seme-alabentzat. Ordutegiak oso ezberdinak dira Euskal Herriarekin alderatuta. Gu etorkinak gara, baina oro har, estatus arrunta duen jendeak 16:00etan bukatzen du lana. Dendek 17:00etan edo 18:00etan ixten dute eta beti duzu denbora familiarekin gozatzeko. Hori da gehien gogoko dudana.

Umeari dagokionez, hezkuntza oso askea da, esperimentatzen uzten zaie. Haurreskolak 6 urtera artekoak dira eta ez daude behartuta joateko. Berez, haurreskolak daude jokoan oinarrituta, kalean, euria edo elurra egin arren. Horrek liluratzen nau.

Gainera, naturak inguratzen gaitu. Euskal Herrian baino askoz gehiago. Dena dago mendiz, urez, fiordoz edo lakuz josita. Oso bizitza naturala da, bizioetatik at. Egia da tabernak eta poteoa faltan botatzen ditudala, baina hemen oso bizitza naturala eta osasuntsua dugu. 

“Hezkuntza oso askea da, esperimentatzen uzten zaie umeei”


Horrez gain, errespetu handia sentitzen dute natura edo pertsonekiko. Ondo legoke guk errespetu kontzeptu hori izatea, ez dute beste bat kaltetuko duen ezer egiten. Batzuetan gehiegi da eta oso zaila da eurekin harremanak izatea horregatik, baina ulertzen duzunean, oso alde polita da.

Zer botatzen duzu faltan Norvegian?

Jendearen berotasuna eta harreman sozialak. Hemen errespetua hain presente dute ezen oso hotzak direla. Kontuan hartu behar da non gauden, latitudea, neguak oso luzeak eta ilunak direla... jendea oso barrura begira bizi da, bakoitza bere etxean. 

Zaila da konektatzea hemengo jendearekin eta ditugun lagun gehienak atzerritarrak dira, gu bezala. Hori faltan botatzen da, dena da oso inpertsonala. 

“Hemen errespetua hain presente dute ezen oso hotzak direla”

Ez dugu jendea kalean topatzen, agurtzen duzuna eta galdetzen diozuna zer moduz joan zaion eguna. Supermerkatuan sartzen zara eta ia inork ez zaitu agurtzen. Oso hotza da. Harreman sozialak oso hotzak dira eta hori da faltan botatzen dudana: kalera ateratzea, batekin eta bestearekin topo egitea, ardo bat hartzea, pintxo-potea... Baina, gehienbat, giza berotasuna.

Euskal Herrian eta Norvegian ez ezik, bestelako herrialdetan ere bizi izan zara, ez?

3 urtez bizi izan nintzen Katalunian han ikasi nuelako. Norvegiak eman zidan aukera leku askotan eta, inon ez bizitzeko, aldi berean. 3, 4 edo 5 hilabetez lan egiten nuen hemen. Gero hilabetea igarotzen nuen Euskal Herrian eta gainerako denbora bidaiatzen ematen nuen. 

Hortaz, toki finko batean ez naiz askotan bizi izan, baina nahiko bizitza nomada izan dut, leku batetik bestera. Askatasun osoa eman dit horrek eta hainbat toki ezagutzeko parada. Oso ondo egon da.

Zer nolako harremana mantentzen duzu Laudiorekin?

Gehienbat familia eta lagunak mantentzen ditut. Laudion jaio eta hazi nintzen, nerabezaroa igaro nuen eta oroitzapen ugari ditut eta hara eramaten naute. Laudioko lagunak beti dira hango adiskideak eta denbora pasa arren, hori ez da aldatuko.

Eta familia, bereziki. Tartea dugunean Laudiora joaten gara bisitan ikusteko faltan botatzen dugun jende guztia. 

Laudio oroitzapenak dira niretzat, joaten naizenean gogoratzen dut han hainbat urtez bizitakoa. Laudio nire sustraiak dira eta hori ez da inoiz aldatuko. Erroek lotzen zaituzte leku batera eta bihotzean eramaten dituzu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide