Argitaratu berri duzu Por qué los girasoles se marchitan liburua. Zein da bere istorioa?
Argitaletxe batek proposatu zidan, Palentziako Cálamo-k. Nik dibulgazio zientifikoa egiten dut, zientzia eta artea lotuta. Oro har, lan horiek unibertsitateko webguneetan argitaratzen ditut, zientzia kaieran. Eduki horiek harrera ona izan dute, eta horregatik proposatu zidaten liburua idaztea.
Zer kontatzen da liburuan?
2019. urtean taula periodikoaren 150. urteurrena ospatu genuenez, bururatu zitzaidan polita izan zitekeela elementu kimiko bakoitza artelanekin lotzea. Liburuko atal bakoitza elementu kimiko bati buruzkoa da, 13 dira guztira.
Adibidez, badago bat burdinaren inguruan, labar-arteko pigmentuetan erabiltzen zena. Portugaleteko zubia ere burdinez eginda dago. Hori da ideia, gutxi gora behera. Gauza bera egin dut kromoarekin, zilarrarekin... gainontzeko elementuekin.
Tokikotasunari edo Euskal Herriari erreparatu diozu, orduan?
Denetarik dago. Jakina, azken finean, inguruan daukaguna erakusten dugu. Adibidez, titanioari buruz hitz egitean, noski, Bilboko Guggenheim museoa aipatu dut. Euskal Herriko labar-artea ere agertzen da.
“Jendeak pentsamendu kritikoa izatea da dibulgatzaileen lana”
Irakurleei zein pasadizo kontatuko zenieke euren jakin-mina pizteko?
Izenburuaren istorioa, adibidez. Izan ere, ekiloreak aipatzen dira; eta, zehazki, Van Goghek margotutakoak dira. Berak duela 100 urte baino gehiago margotu zituen, eta koadro horretan erreakzioa gertatzen ari da.
Pigmentuen kolorea pixkanaka-pixkanaka aldatzen ari da eta kimikaren ikuspuntutik hori ulertzea oso garrantzitsua da, artea ere aldatzen delako. Hori margolari askori gertatu zaie. Adibidez, Mark Rothkori. Berak larrosa bizi batekin margotu zuen eta argiarekin pigmentuak degradatzen direnez, kolorea aldatzen da.
Artea ulertzeko hori ere ezagutu behar dugu. Askotan aipatzen dut hori, denboraren poderioz, eta erreakzio kimikoen ondorioz, artea degradatzen dela.
Kimikaria izanik, nola bukatu zenuen artea eta zientzia lotzen?
Kasualitatez. Ni kimikaria naiz, doktoretza egin nuen farmakoen analisian. Beraz, ez nuen harremanik artearen munduarekin.
Hala ere, 2015ean Arte Ederren Fakultatean hasi nintzen kimika klaseak ematen. Irakaslea naiz Zientzia eta Teknologia Fakultatean, baina irakasgaia ematen dut kultura ondarearen zaharberritze graduan.
Hor kimika irakasten da. Niri esleitu zidaten lan hori, eta ikusi nuen gauza bitxi eta interesgarri asko zeudela. Iruditu zitzaidan lana ezin zela hor geratu, publiko orokorrarentzat ere interesgarria izan liteke eta. Horrela hasi nintzen artikuluak idazten, eta harrera ona izan zutenez, gehiago egin nituen apurka-apurka.
Argitaratu ostean, zein da liburuak egingo duen ibilbidea?
Egungo egoerarekin konplikatua dugu. Nire asmoa da Unibertsitateko Katedra Zientifikoarekin aurkezpenen bat egitea. Hasierako ideia zen liburutegietan aurkeztea, baina egun, segurtasun neurriak direla eta, ezin da egin.
Ikusiko dugu zer nolako aukerak dauden. Nik plazaratu eta aurkeztu nahiko nuke, baina ikusteke dago.
“Taula periodikoa- ren 150. urtemugaren harira, bururatu zitzaidan polita izan zitekeela elementu bakoitza artelanekin lotzea. Horrela sortu zen liburua”
Liburutik aterata, dibulgazio esparruan egonda, nola bizitzen ari zara egungo egoerak sortu dituen zientziaren kritikatzaile edo ukatzaileak?
Nire kasuan dibulgazioa apur bat bitxia da. Artea denez ez daukat inolako arazorik.
Ordea, konplikatuagoa da osasun arloan dibulgatzaileak direnentzat. Nik uste dut orain ikusten ari garen ukatzaileen fenomenoak erakusten duela kultura zientifikoaren gabezia daukagula. Ez da bat ere normala.
Nik ulertzen ditut, esaterako, egon diren kritikak. Gauza guztiak ez dira ondo egin, baina agertu dira hortik pertsona zital batzuk, eta lixiba saltzen hasi dira COVID-19aren aurka.
Horrek argi uzten du kultura zientifikoa zabaldu behar dela. Dibulgatzaile batzuen lana, azken finean, hori da. Jendeak ulertzea zer dagoen fenomeno hauen guztien atzean, baina, batez ere, pentsamendu kritiko hori izatea. Ez digute esan behar: "Hau txarto dago, hau ondo dago".
Dibulgazio zientifikoaren helburua izan behar da gizarteari tresnak ematea askeago izateko, edo gauzak hobeto ulertzeko.
Non eskuratu daiteke zure liburua?
Liburu-dendetan dago. Laudion badakit Zuhaitzan eta Arinen daudela, lagunek eta senideek eskuratu dezaten.
Lan gehiago argitaratuko dituzu?
Bai, artikuluak idazten jarraituko dut. Badut ideiaren bat beste liburu bat egiteko, baina denbora aldetik zaila izango da. Ez da erraza ideiak paperean jasotzea. Etorkizunean gustatuko litzaidake gauza gehiago plazaratzea, baina ez da hurrengo urtean izango.